«Tenisa oso mentala da. Kontzentrazioari eustea izan da gakoa»
Historia egin du Ane Mintegi (Idiazabal, 2003) tenis jokalari gazteak. Wimbledon lehiaketa irabazi du junior mailan, finalean Nastasja Schunk alemanirra hiru setetan (6-2, 4-6 eta 1-6) mendean hartuta.
Wimbledon txapelketa irabazten duen lehen euskalduna zara. Estatu espainiarreko lehenengo irabazlea ere bazara. Historia egin duzu. Zer sentitzen da horrelako lorpenarekin?
Emozio eta poz handia. Garaipen oso-oso garrantzitsua da niretzat.
Astebetean zazpi partida jokatu dituzu, euriak ere baldintzatu ditu, atzerapenak sortu baititu eta egun berean bi partida ere jokatu behar izan dituzu. Zein sentsaziorekin iritsi zinen finalera?
Lehenengo momentuetan tentsio handia izan nuen… partida oso garrantzitsua zen eta nahiko urduri nengoen. Baina partidak aurrera egin ahala, pixkana-pixkana lasaitzea lortu eta gauzak ondo joan ziren.
Neurketa hiru setera jokatu zen. 6-2, 4-6, eta 1-6 izan zen emaitza. Nola bizi izan zenuen lehen pertsonan?
Lehenengo set-ean aurkariak oso ondo jokatu zuen, gehiago izan zen, berak dominatu zuen eta berea izan zen set-a. Bigarrenean, lasaiago nengoen eta pixkanaka, sakeetan hobeto eta pilota bakoitzari ere amaiera hobea ematea lortu nuen, eta bigarren set hori irabazi ahal izan nuen. Eta hirugarrenean erabaki zen partida; ni gustura sentitu nintzen, uste dut oso ongi jokatu nuela. Hori, eta aurkariaren hainbat akats medio, hirugarren set-a nirea izan zen.
Partida amaitzear zegoela, garaipena zurea izan zitekeela pentsatu zenuen momenturen batean?
Nahiz eta partida amaiera aldera irabazten joan, amaitu arte ez nuen horretan pentsatzen, edozein momentutan guztiak buelta hartu eta partida kontra jar daitekeelako. Irabazi nahi nuen, baina garaipena benetan izan arte, edozer gerta liteke.
Eta behin irabazita zer pasatu zitzaizun burutik?
Lorpen oso garrantzitsua dela. Nire taldekoekin eta familiakoekin ere gogoratu nintzen.
Zure puntu indartsuak dira zure eskuin besoa eta momentu txarrenetan kontzentrazioa mantentzeko duzun gaitasuna…
Tenisa oso mentala da. Final honetan adibidez, lehen set-a galtzen ari nintzen momentu horretan, kontzentrazioari eustea izan zen gakoa.
Idiazabalen, zure jaioterrian, finaleko partida zuzenean ikusi ahal izateko, pantaila erraldoi bat jarri zuten plazan. Zer sentiarazten dizu hori jakiteak?
Poz handia! Nire jaioterriaren aldetik babes hori sentitzeak indar handia ematen dit
Azkenik, Wimbledon eta gero, nola dator egutegia?
Hurrengo asteetan bi torneo jokatuko ditut. Aste honetan, Gasteizen izango naiz, han jokatuko den Araba World Tennis Tour-en parte hartzeko, eta horren ondoren, Espainiako tenis selekzioarekin Summer Cup jokatuko dut.