Kontsumo ohituretan eragiteko erosketa taldea sortu dute
ZerainLab Elkarteak bultzatuta, erosketa taldea sortu dute Zerainen. Kontsumitzeko ohituretan eragin eta modu osasuntsu eta jasangarrian aldatzea du helburu.
Zeraingo erosketa taldea sortu berri dute. ZerainLab Elkarteak bultzatutako egitasmoa da eta ostiralean aurkeztu zuten eliza atarian. Taldearen helburua pixkanaka kontsumitzeko ohituretan eragitea eta horiek aldatzea izango da, modu osasuntsu eta jasangarrian. «Euskal Herrirako burujabea den eredu bat jarri nahi dugu martxan gure herrian», esan du ZerainLabek.
Lehenengo eskaintzak aurkeztu dituzte: Nafarroako olio, lekale eta arroz ekologikoa erosteko aukera izango da erosketa taldearen bidez. Aitziber Makatzaga elkarteko kideak azaldu duenez, herrian egon daitezkeen soberakinak baliatuko dituzte Zeraingo produktuen eskaintza bertan zabaltzeko: «Baserri batek adibidez sagarrak soberan baldin badauzka taldean eskainiko ditugu eta horrela herriko produktuei balioa ematen saiatuko gara». Soberakin horiek bota ordez, kontsumo taldearen bidez eskuragarri izango dira. Whatsapp talde bat sortu dute eskaintzak kudeatzeko 688 768 465 zenbakian, eta herritarrek proposamenak egin ditzakete bertara idatzita edo zenbakira deituta. Zeraingo tomatea eta arrautzak ere eskatu daitezke dagoeneko.
Talde aktiboa
ZerainLab Elkarteak herritarrak deitu ditu taldean parte hartu, bakoitzaren jakituria partekatu eta proposamenak egitera. «Herriko edo inguruko produktuak bertatik bertara saltzea eta kontsumitzeko ohiturak aldatzea izango da xedea, eredu osasuntsu, jasangarri eta burujabe baterako» urratsak emanez.
«Talde txikia gara, baina talde aktiboa izatea nahi dugu, herritarrek haien esperientziak ere elkarbanatzea», azaldu du Makatzagak. Talde irekia denez, parte hartu nahi duenak edo eskaintzaren bat egin nahi duenak Whatsapp taldera idatzi dezake.