MMI-Prodemako langileek grebara jo dute
Lan hitzarmenaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela adierazi du LAB sindikatuak. Enpresaren zuzendaritzari eskatu diote jarrera aldatu eta borondatea erakutsi dezala
Legorretako MMI-Prodema enpresako langileek grebara jo dute. LAB sindikatuak hala jakinarazi du: “Azken lan hitzarmenaren (2018-2019) indarraldia amaitu zenetik, urte eta erdi igaro da jada eta berria negoziatzeko hainbat bilera egin ostean, MMI Prodemako langileok grebara jotzea erabaki genuen batzarrean, ia aho batez, enpresak negoziaketa blokeatzeko hartutako erabakiari erantzunez”.
Antza denez, hitzarmenaren negoziaketan ari ziren langileria eta enpresako zuzendaritza, akordio batera iritsi gabe. Enpresak egin duen azken proposamenak “ez ditu langileen aldarrikapenak jasotzen”, LAB sindikatuaren arabera: “Ez du soldata igoera duinik bermatzen, ez du urteko lanaldiaren beherakadarik aurrikusten, ez lanaldia malguki moldatzeko aukera mugatzearen inguruko aipurik, ez eta bestelako edukirik”.
Hori dela eta, langileek grebara jo dute, eta iragarri dute, “borrokan segiko dugu, enpresa, hitzarmena negoziatzera eser dadin, hitzarmen duina lortzeko helburuarekin”. Hala, enpresaren zuzendaritzari dei egin diote “jarrera aldatu eta borondatea erakutsi” dezan. “Enpresak edukien gainean aurrerapenik ematen ez badu, aste honetan eta hurrengoan, bi eta lau orduko lanuzteak egingo ditugu, eta uztaileko azkeneko astean, greba mugagabeari ekingo diogu”.