Nora Tobar 16. egin du Europako atletismo txapelketan
Finaletik gertu ibili bazen ere, ez zuen lortu 12 onenen artean sailkatzerik. 1,73ko jauzia izan zuen onena.
Altuera jauzian espezialista den Nora Tobar atleta ataundarra, 23 urtez azpiko Europako atletismo txapelketan izan da lehenengoz, eta 16. geratu da. Tobarrek, ostegunean parte hartu zuen Tallinen (Estonia) jokatu den Europako txapelketako kalifikazio proban, larunbatean jokatu zen finalerako txartela lortzeko helburuarekin. Baina ez zuen lortu lehen 12 onenen artean egotea, beraz, ezin izan zen finalean egon.
Osteguneko kalifikazio proban, 1,68 metroak gainditu zituen Tobarrek. Ondoren, 1,73 metrotan jarri zuten listoia, eta hori ere gainditu zuen. 1,78 metrokoa zen hurrengoa, baina hiru saiakeretatik hiru huts egin zituen. Europako debutean lortutako 16. postu horrekin, lorpen oso garrantzitsuz beteriko denboraldi bikain bati amaiera eman dio atleta gazteak.