Tokiko merkataritza indartzeko bono kanpaina abian da hirugarrenez Ordizian
Bi bono mota daude: etxeko postontzian jasoko direnak; eta Ordizian elkartearen egoitzan eros daitezkeenak.
Hirugarren sektorea indartzeko hirugarrenez bono kanpaina abiarazi du Ordiziako Udalak. Aurretik egindako bi kanpainek, «ia milioi erdiko diru sarrera» eragin zuten. Balorazioa “oso ona” izan zenez, hirugarrenez jarriko dute martxan. «Ordiziako merkataritza, ostalaritza, eta zerbitzuetako aktibitatea berreskuratzeko, kontsumoa sustatuko duen eta herriko familien ekonomiari lagunduko dien bono sistema jarriko dugu martxan» adierazi du Adur Ezenarro alkateak.
Bi bono mota egongo dira. Batetik, etxean jasoko direnak. 20 euroko balioa izango dute; bost euroko lau bono jasoko dira buzoian. 15 eurotik gorako erosketak egiteko erabil daitezke., eta bat baino gehiago erabili ahalko da erosketa bat egiterakon. Mota horretako 4.650 bono banatuko dituzte. Abenduaren 31 arte erabil daitezke.
Bestetik, bonoak erosteko aukera ere egongo da, astelehenetik aurrera. Kasu honetan, 50 euroko balioa izango du bono bakoitzak, eta 30 euro ordaindu beharko ditu erosleak. Guztira, horrelako 5.000 bono jarriko dituzte zirkulazioan. Ezenarrok adierazi duenez, lortu nahi da, «urte amaiera bitartean, herriko negozioetan 250.000 euroko diru-sarrerak eragitea». 2021 urte amaiera bitartean bi kanpainatan banatuko dira mota horretako bonoak. Lehendabiziko 2.500 irailaren 30 bitartean gastatu beharko dira, eta hurrengo 2.500 bonoak abenduaren 31a baino lehen. Bigarren kanpainako bonoak irailaren 13tik aurrera jarriko dira salgai.
Kanpaina honetan Ordiziako 73 establezimenduk parte hartuko dute. Zalantzarik ez izateko, bereizgarri bat izango dute erakusleihoan.
Non erosi
Bonoak erosteko, Ordizian elkartearen egoitzan, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:30era, eta astearte eta ostegunetan arratsaldez ere bai, 16:30etik 18:30era.
D’Elikatuz zentroan ere eros daitezke; asteazkenetan 16:00etatik 19:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara.