Zegamako 232 haur eta gaztek eman dute izena udako aisialdi ekintzetan
Ekainaren 21ean hasi eta uztailaren 30era arte iraungo dute 3 eta 11 urte bitartekoentzako Zegamako udaleku irekiek. Gaur Sobrongo abentura parkera joango dira gaztelekuko nerabeak
Zegamako Udalak antolatutako haur zein gazteentzako udako ekintzetako izen emate kopurua handia izan da. Guztira 232 haur eta gaztek eman dute izena prestatutako programazioan parte hartzeko. 3 eta 11 urte bitartekoentzako udaleku irekietan 142 haurrek eman dute izena aurten, 21 hezitzaileren eta koordinatzaile baten ardurapean.
Sei aste iraungo dute udalekuek. Ekainaren 21ean hasi ziren eta uztailaren 30ean amaituko dira. Ur jolasak, eskulanak, kirola edota ibilaldiak egingo dituzte izena eman dutenek. 2 eta 3 urte bitartekoentzat, berriz, Udako Haur Txokoa antolatu du udalak. 10 haur dabiltza ekintzetaz gozatzen bertan, bi hezitzailerekin. 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, azkenik, Bele Gazte gaztelekuaren bidez 11 ekintza proposatu dituzte udako, ekainaren 22tik uztailaren 27ra.
Gaztelekuko nerabeek proposatutako ekintzak dira eta 80 lagunek eman dute izena horietarako. Erreka eta herriko txokoak garbitu dituzte, orientazio kirolean trebatu dira eta Aizkorrira ibilaldia ere egin dute, besteak beste. Ekintzak osasun krisiaren testuinguruan antolatu badira ere, ez da oztopoa izan herrian udaz gozatzeko. Iaz ere antolatu zituzten ekintzak eta «eskarmentua» badute. «Talde txikietan eta higiene eta segurtasun neurriak errespetatuz, aukera paregabeaz gozatzen ari dira haur eta nerabe zegamarrak», udalak hedabideetara helarazitako ohar batean azaldu duenez.
Amaiera Murgizelain
Hil amaiera arte, hainbat ekintza egingo dituzte oraindik ere. Herenegun harrapaketa jolas erraldoia egin zuten gaztelekuko erabiltzaile zaharrenek, eta gaur izango dute hurrengo jarduera Bele Gazten: Sobrongo (Araba) abentura parkera joango dira 08:30ean. Datorren asteartean, aldiz, yoga ikastaroa izango dute 16:30ean, eta bi egun beranduago, uztailaren 22an, altxorraren bila jolasa egingo dute.
Uztailaren 27an bukatuko da nerabeentzako eskaintza, Zegamako Murgizelai parkean. Bingoa izango da 18:00etan, eta ondoren, afaria egingo dute parte hartzaileek udako ekintzei amaiera emateko.