Beasaingo langabezia nola murriztu aztertu dute Artolak eta Tapiak
Udalak martxan dituen planak jorratu zituzten. Olaran eraikinari buruz ere aritu ziren
Leire Artola alkateak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren garapen, jasangarritasun eta ingurumen sailburuak bilera egin zuten atzo Beasainen. Beasaingo udalak enpleguaren eta ekonomiaren alorrean martxan dituen ekintzak aztertu zituzten. Helburua langabezia ahalik eta gehien txikitzea da. 529 beasaindar daude langabezian.
Langabetuentzako ikastaroen sustapenaz aritu ziren. Beasaingo Udalak Goierri Eskolaren bidez formakuntza espezifikoa eskaintzen duten ikastaroak eskaintzen ditu. Langabetuen perfilak eta enpresen beharrak koordinatu behar direla aipatu zuten. Artolak azaldu zion udalak 100.000 euroko partida duela enpresei laguntzeko.
Olaran
Olaran eraikinaren inguruan ere jardun zuten. Artolak izan ditzakeen erabilerak aurkeztu zizkion Tapiari, erabilgarria izan dadin. Epe motzerako lanketarekin hasteko premia azaldu zuten bi aldeek.