Herri zaharrarentzat etxe berria
Zaldibiako udaletxe berria ostiralean hasi zen zerbitzuan. Beheko solairua eta goian beste bi ditu. Batzar eta hitzaldi areto balioaniztuna da eraikinaren berritasun bat.
Hormen zuritasuna, argitasuna, berri usaina eta hari musikaleko doinuak airean. Zaldibiako udaletxe berrira sartu orduko sentitzen diren lau sentsazio dira. Ostiralean zabaldu zuten herriko etxe berria, zaharraren ondo-ondoan, bi metrora eraikia, hura noiz botako eta plazara ikuspegi zabalagoa noiz hartuko zain. Estreinaldi egunak dira, bai langileentzat, bai herritarrentzat.
Kaleko mailako behe solairuaz gain, beste bi oin ditu goian. Espazio berezituagoak, antolatuagoak eta espaziotsuagoak ditu udaletxe berriak. Guztiak barrutik lotzen dituen igogailua, zaharrak ez zeukana, eta klimatizazio adimentsua ditu berritasunak, aire beroa eta hotza beharraren arabera birzirkulatzen duena.
Santa Fe kaletik du sarrera udaletxeak. Atalondo biluzia du oraindik herritarraren harreragile. Erabilera askotarako aretoa, Beti-Gazte elkartearen taberna, haren sukaldea, eta bulegoa daude behean. Adinekoen zerbitzua urritik aurrera jartzeko asmoa du udalak areto zabalean, eta jubilatuek ere erabiliko dute. Taberna urte bukaerara arte ez dute zabalduko han.
Harrera, lehen solairuan
Lehen oinera igota, beirate handidun harrera luzea dago parez pare. Hiru udal langilek egingo dute lan solairu horretan. Administrarien mahaiak, idazkaritza ezker ertzean, langileentzat officea, lekuz aldatu ahala betetzen ari den artxiboa, eta batzar aretoa eliza alderantz.
Eraikinaren bihotza da areto nagusia. Bi eremutan bereizi dute, bionbo-erdibitzaile bilgarriarekin ixteko moduan. Alde batera batzar aretoa, U formako mahaiarekin; ikurrina eta herriko armarria atzean. Beste aldera, hitzaldi, aurkezpen eta halakoetarako tokia. Beharraren arabera, aulkiak norantzaz aldatu, eta areto osoa erabil liteke.
Bigarren solairuan bulegoak kokatu dituzte: bilera gelak, udaleko bi alderdi politikoentzat bulego bana, alkatetza eskuin ertzean, bake epaitegia, gizarte zerbitzuak, eta teknikarien bulegoak. Bost langile ariko dira han.
Udaletxe berria barrutik ezagutzeko, ate irekiak antolatu dituzte gaurko (10:00-11:00 eta 17:00-18:00) eta ostiralerako (17:00-18:00).