Jarduera ekonomiko kaltetuak indartzeko laguntzak emango dituzte
Ordiziako Udalak 88.000 euro emango ditu diru laguntzetan. Ostalaritzari, talde zerbitzuak ematen dituzten akademiei eta bidaia agentziei laguntzea da helburua
Ordiziako Udalak diru laguntza zuzenak ditu Ordiziako ostalaritza, talde zerbitzuak ematen dituzten akademia eta bidaia agentziei. Diru laguntza jasotzeko beharrezko baldintzak betetzen dituztenek, 1.400 euro jasoko dituzte. Guztira, 88.000 euro bideratuko ditu udalak laguntza horietara. Eskaera egiteko epea zabalik dago, datorren uztailaren 28ra arte, herritarren arreta bulegoan edo udaltzaingoan.
Adur Ezenarro Ordiziako alkatea horrela mintzatu da diru laguntza horien aurkezpenean: «Krisi ekonomikoko testuinguru honetan, gaur egun bizi dugun eta 2020. urte guztian zehar bizi izan dugun ziurgabetasun egoera honetan, ostalaritzako sektoreak oso kalte handiak jasan ditu pandemian izan ditugun murrizketa guztien ondorioz, (barrualdeen itxiera, edukiera eta ordutegien murrizketak) eta horrexegatik, uste dugu, inoiz baino beharrezkoagoa dela udalerriko ostalaritzari laguntzea».
«Era berean, barneko jardueretan eman diren gehienezko edukieren murrizketek, eragin handia izan dute talde zerbitzuak ematen dituzten akademietan, izan ikasketa edo kirola, dantza edo gorputz adierazpidekoetan. Azkenik , lurralde historikoen eta udalerrien itxiera perimetralek ere, eragin izugarria izan dute baita ere bidaia agentzietan, eta ondorioz, sektore horiek ere laguntzen premia dutela ondorioztatzen da», gehitu du Ezenarrok.
Bete beharrak
Diru laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte ostalaritzako sektorean diharduten norberaren konturako langileek edo autonomoek, ondasunen erkidegoek, sozietate zibilek, mikroenpresek eta enpresa txikiek, baldin eta horien jarduera artikulu honetan zehaztutako jardueren artean jasotzen bada eta establezimendua Ordiziako herrian badago.
Ondasunen erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, horietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak izango dira onuradun, eta horiek guztiek Agindu honetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak bete beharko dituzte. Nolanahi ere, pertsona bat izendatu beharko da taldearen ordezkari izateko, eta pertsona horrek behar adinako ahalmenak izango ditu taldeak onuradun gisa izango dituen betebeharrak betetzeko.
Pertsona fisikoek edo juridikoek, sozietate zibilek eta erkidegoek eskuratu ahal izango dituzte diru-laguntza hauek, baldin eta Dirulaguntzei buruzko Legearen 13.2 artikuluan aurreikusitako debekuren batean ere sartuta ez badaude.