Merkealdiko produktuak kalera aterako dituzte gaur merkatariek
Urretxuko eta Zumarragako 39 dendak parte hartuko dute. Produktuak denden aurrean erakutsiko dituzte. Elkartekoak ez direnek ere parte hartuko dute
Bi-Tartean Urretxuko eta Zumarragako merkatari elkarteak Merkealdia Kalera ekitaldia antolatu du gaurko eta hilaren 21erako. Merkatariek merkealdiko produktuak beraien denden aurrean ikusgai jarriko dituzte, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Helburua abuztuan oporretara joango den jendeak oporretarako behar dituen produktuak herrian erostea da, eta ez oporraldia igaroko duen tokian.
39 dendak parte hartuko dute, ia sektore guztietakoak: arropa-dendak, zapata-dendak, janari-dendak, harategi bat… Gainera, ekitaldia herri osora zabalduko da, ez bakarrik erdigunera.
Bakoitzak bere eskaintza dendaren aurrera aterako du. Merkealdia Kalera Zumarragako plazan egin izan da, baina aurten ezin da bertan egin koronabirusagatik. Iaz eta martxoan ere denden aurrean egin zen. «Dendariak formato honekin gehiago animatzen dira, oso erraza eta erosoa delako produktuak denda aurrera ateratzea», aipatu du Maria Pavon merkataritza teknikariak.
Aipatu bezala, 39 komertziok parte hartuko dute: Arku, Natalietta, Naif Concept Store, Amane, Marai&NKN, Inaxio eta Laskurain arropa-dendak; Mari, Julita eta Titare mertzeriak; Quo eta Xarmanki apaindegiak; Elisabeth eta Stylo ile-apaindegiak; Mentxu y Yone, Kux-Kux eta Baby haurrentzako jantzi-dendak; Lorea, La Perla eta Santa Cruz drogeriak, ATA harategia; Argiki eta Ezpeleta argiztapen-dendak; Oskarbi eta Ariztisabal zapata-dendak; Urdangarin burdindegia; Josune janari-denda; Rueda fruta-denda; Milar Lagun eta Lofer etxetresna-dendak; Intersport, Alex Kirolak, Zerki, Bidegorri eta Apalategi kirol-dendak; La Perla Etxea apaingarri-denda; Instituto Optico eta Opticalia optikak eta E-print diseinu grafikoak.
Denak ez dira Bi-Tartean elkarteko kideak. Izan ere, horiei ere parte hartzeko aukera eskaini zaie. «Bazkideak ez direnei esan nahi diet, oraingoan bezala beste ekintzaren bat interesgarria iruditzen bazaie, jartzeko harremanetan elkartearekin eta parte hartzeko aukera izango dutela».