Ongi etorri Ordiziako komunitatera
Ordiziako Udalak haur jaioberriei Ordizia den komunitatera ongi etorria emango die, zapi urdinak banatuta. Larunbatean egingo dute ekitaldia, Ordiziako Plaza Nagusian.
Eguerdian, Ordiziako Plaza Nagusia hamaika koloretako alkandora soinean zeramaten gazteez lepo beteta zegoela, Adur Ezenarro alkateak, aginte makila eman zion Diego Diez alkate txikiari eta Santa Ana festei hasiera eman zien suziria piztu zuen udaletxeko balkoian. Hiru suziri bota zituzten; Maialen Aranburu alkatesak ere piztu zuen suziri bat. Suziriak zerura bidean jarrita, momentu horretan, hain juxtu, dantzak eta musikak eztanda egiten dute plazan. 2019 urteko Ordiziako Santa Ana festen haurren asteburuko kronikak hala jasotzen zuen.
Plazako ekitaldiaren aurretik, beste ekitaldi bat ere izan zen. Argazkian ikus daiteke, Adur Ezenarro alkatea, herriko haur jaio berri bati, festetako zapi urdina jartzen. Urte hartan, 2019an, egin zen lehenengoz. Ezenarrok hilabete eskas zeraman alkate karguan. Udal berriak Santa Ana festei egindako ekarpenetako bat da.
Egun hartan, Ezenarrok berak hala esan zuen: «Ordiziar izatea sentimendu bat da eta Ordizia den komunitate honetara ongietorria eman nahi diegu». Alkateak gaineratu zuen Ordizia beti izan dela «harrera herri»”.
Aurten, Plazan
Iaz bezala, aurten ere ez da Santa Ana jairik ospatuko, baina haur jaioberriei zapiak banatuko dizkiete. Horrela, Ordiziako Udalak ongietorria egingo die 2019 eta 2020an jaiotako haurrei, herrian bizi diren pertsonek osatzen duten komunitatera.
Lehen ekitaldia, udaletxean egin zuten. Aurtengoa, Ordiziako Plaza Nagusian egingo dute, larunbat honetan. Denontzat ezagun den testuinguruan, bi txanda bereiztuko dira: 2019an jaiotakoak, 10:30ean; eta 2020an jaiotakoak, 12:30ean. Edukiera kontrolatua izango du ekintzak, eta gonbidapenarekin bakarrik sartu ahalko da. Familiako bi kide agertu ahalko dira, gehienez ere.