Gerratean ume ziren olaberritarrak omenduko dituzte igandean
Oroimen historikoa lantzeko egitasmoaren barruan, 1939 aurretik jaiotako edo bertan bizi ziren herritarrak elkartuko dira. Argazki zaharren bilduma ere erakutsiko dute
Olaberrian 1936ko Gerra zer izan zen ikertzeko langintzan, beste urrats bat egingo dute igande honetan Olargi memoria historikoaren taldeak eta udalak. Gerra garaian haur ziren herritarrei aitortza egingo diete, oroimen ekitaldi batekin omenduta. Igandean 12:00etan izango da, Olaberriko Plaza Txikian.
1939a baino lehen jaio ziren olaberritar guztiak gonbidatu dituzte omenaldira. Bizi direnak 39 lagun lokalizatu dituzte; Olaberrian jaiotakoak batzuk eta bertan bizi zirenak beste batzuk. Horietatik zenbait bertan bizi dira orain ere, eta beste batzuk kanpoan.
Guztiek ezingo dute etorri, baina 25-26k baieztatu dute igandean Olaberrian izango direla. Ezin dutenen kasuan, familiartekoren bat etorriko da haien partez. Oroigarri bana emango diete udalak eta Olargik bakoitzari.
Haurren drama
Gerra eta ondorengo errepresio eta diktadura garaia ikertzeko egitasmoa aurrera doa Olaberrian, eta egoera hura haur zirela tokatu zitzaienen kasuan jarri dute arreta gune bat. «Lanketan konturatu gara umeek, beti bezala, sufrtitu zutela, bai gerra garaian, bai frankismoko diktaduran. Gosea pasatzeaz gain, euren hizkuntza galarazi zieten, ezin izan zuten euskaraz mintzatu. Hori apagarria da, eta horretaz hitz egingo dugu igandean ere. Umeek ez dute ezeren errurik, baina bizitzea tokatzen zaie tokatzen zaiena», azaldu du Olargiko kide Bihotz Forcadak.
Hain zuzen, Marcelo Lasaren gorpuzkiak Lizarrustin lokalizatu eta ateratzeko ekimenarekin abiatu zen ikerketa. Jesus Bujanda fusilatuaren kasua jorratu zuten hurrena. «Elkarrizketak eginez konturatu gara, haiek eta haien familiek ikaragarri sufritu zutela, baina gero ere badirela borrokan aritutakoak, eta han hildakoen familiek eta seme-alabek ere zer sufrimendu izan zuten azaleratu da. Denen artean elkarrekin zerbait egin behar genuela erabaki genuen».
Argazki erakusketa
Igandeko ekitaldian 140 bat lagun daude gonbidatuta. Eguraldi ona dagoenez iragarrita, plazan kanpoan egingo dute.
Gerra garaiko umeei aitortza egiteaz gain, argazki erakusketa bat ere jarriko dute, inguruan. Egitasmoaren azken emaitza liburua izango denez, harako argazkiak jasotzen ari dira herrian. 200dik gora bildu dituzte dagoeneko, eta horiek erakutsiko dituzte. «Jendearen erantzunarekin ere oso pozik gaude. Albumetan bila aritu dira herritarrak, eta oso argazki politak aurkitu eta eman dizkigute».