Zumarragak eten egingo du Aquarberekin daukan kontratua
Kontu hartzailearen txosten batek kontratua ez luzatzea gomendatzen du. EH Bilduk eta Elkarrekin Zumarragak zerbitzua udalekotzea eskatu dute
Zumarragan eta Urretxun Aquarbe enpresa arduratzen da uraren horniduraz eta estolderia zerbitzuaz eta udalek enpresa horrekin sinatutako kontratuak zeresan handia ematen ari da. Onura Publikoa plataformak zumarragarrek eta urretxuarrek gainontzeko gipuzkoarrek baino gehiago ordaintzen dutela salatu eta zerbitzua publifikatzeko eskatu du. Astearteko osoko bilkuran, Zumarragako Udalak gaur egungo kontratuaren salaketa onartu zuen. Pauso hori beharrezkoa da kontratua zuzenean luzatu ez dadin. PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Zumarragak alde bozkatu zuten eta EAJk abstentzioa eman zuen.
Mikel Serrano alkateak egungo kontratua 2007an sinatu zela gogoratu zuen. «Aquarbek zerbitzu bikaina eskaini du eta herri askotan gure zerbitzua nahi lukete, baina kontu hartzailearen txosten batek kontratua ez luzatzea aholkatzen du».
EH Bilduri herritarrak gobernu taldearen aurka jarri nahi izatea leporatu zion. «Aquarberen aurrekoa zen Aguas del Norte 1974an hasi zen Zumarragan lanean, ur hornidura arazoak zeuden garaian. Ordutik, zerbitzua asko hobetu da. Kudeaketa pribatua dela diote, baina ez da hala: kudeaketa munizipala da, baina zeharkakoa. Udalak ezartzen du uraren prezioa. Kudeaketa zuzenaren alde egingo bagenu, beharbada Aquarbeko langileek arazoak izango lituzkete, ezin baitira zuzenean udal langileak izatera pasa».
Ur Kontsortzioan sartzea uraren gaineko kontrola galtzea suposatuko lukeela gehitu zuen. «Erabakitzeko ahalmena galduko genuke. Ez dakigu zer gertatuko den urtarrilean (orduan amaitzen da Aquarberekin sinatutako kontratua), baina zerbitzuak ona izaten jarraituko du eta Aquarbeko langileek lanean jarraituko dute», aurreratu zuen.
Oposizioko alderdiak
Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek kudeaketa publikoaren alde daudela esan zuen. «Pribatizazioak garestiak dira eta langileen baldintzak okerragoak dira. Gainera, BEZa ordaindu beharra dugu. Kontu hartzaileak kontratua ez luzatzea gomendatu du eta berriro lehiaketa antolatzea erabaki du. Kudeaketa publikoa aintzat ez hartzeak kezkatzen gaitu. Batzorde politiko-tekniko bat sortzea proposatzen dugu».
EAJko Josu Idigorasek zerbitzurik onena eta lanpostu guztien mantentzea nahi dutela aipatu zuen. «Aquarbeko langileen profesionaltasunaren inguruan, ez dugu inongo zalantzarik, baina kudeaketa publikoa aukera onena dela uste dugu. Abstenitu egingo gara».
EH Bilduko Josu Aztiriak kontu hartzailearen txostenaren ondoren gobernu taldeak bere burua kontratuaren salaketa egitera behartua ikusi duela esan zuen. «Urritik abusua salatzen ari gara eta kontu hartzailearen txostenak arrazoia eman digu. Aquarbek diru asko irabazi du zumarragarron kontura. ArcelorMittal itxi zenetik galerak izan dituela esan zuen eta udalak tarifa %12 igo zuen Aquarberen presioei men eginez. Baina Aquarbek ez zituen galera horiek frogatu. PSE-EEk multinazional baten interesak herritarron interesen gainetik jarri ditu. Aquarbek irabaziak izan ditu. 2016tik behar baino 300.000 euro gehiago ordaindu ditugu».
Aquarbe Suez multinazionalarena da eta multinazionalen diruzalekeriak ez duela mugarik gehitu zuen. «Azken urteetan uraren kontsumoa %20 jaitsi den arren, enpresaren irabazia %32 igo da. Bidegabea da. Eskandaluzkoa. Eta gobernu taldeak Aquarberekin jarraitu nahi zuen, kontu hartzaileak txostena egin duen arte. Baina hilabeteak pasa dira txostena egin zuenetik eta ez dugu zerbitzua udalekotzeko edo kontsortzioan sartzeko astirik izango. Hilabete batzuk gehiago jarraitu beharko dugu Aquarberekin, arrazoi horregatik. Ezkutuko luzapen bat da. Legezkoa izango da, baina arduragabekeria ere bai».
Bukatzeko, bi galdera egin zizkion gobernu taldeari. «Gobernu taldeak egin behar al du zerbait herritarrak indemnizatzeko? EH Bildu eta Elkarrekin Zumarraga hemen egiten ari garena, PSOE Espainian egiten ari dena da. Zumarragako PSE-EEk, berriz, PPk Espainian egiten duena egiten du. Bestalde, zer egin behar du gobernu taldeak Aquarberekin sinatutako kontratua amaitzen denean? Eredu merkantilista hautatuko du ala publikoa? Guk kudeaketa publiko, parte hartzaile eta gardena nahi dugu. Zerbitzua udalekotzeko ordua da, Urretxurekin batera».
Alkatearen erantzuna
Serranok beste galdera batekin erantzun zuen. «Zumarragan egin dena horren arrazoirik gabea bada, nolatan ez du ezer egin Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak? Kontu hartzaileak ArcelorMittalen itxiera dela eta egin zuen txostena. Kontratua luzatzeko asmoa bagenu, dagoeneko luzatua egongo zen. Zumarragak bizi izan duen garai txarrena egun EH Bildukoa den alkate ohi baten kudeaketaren ondorioa izan zen. Lehenengoz, aldundiak udal batean esku hartu behar izan zuen. Ez da urtarrilaren 1ean zer egin behar dugun esateko garaia, baizik eta erabaki bat hartzeko lan egiteko garaia. Hemen hauteskundeak irabazi dituena botatzeko plataformak sortzen dira. Urretxuk Aquarberekin duen kontratua bost urtez luzatzeko asmoa du eta ez duzue horren inguruko ezer esan. Zumarragari eman zaio egurra».
Onura publikoa
Serranoren erantzunaren ondoren, Onura Publikoko Manex Mantxolak hartu zuen hitza. Plataforma honetan, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu alderdiekin batera, Koordinadora Feminista, Ernai, ELA, LAB, CCOO, Sortu, Berdeak Legazpi, Bertso Eskola, KKinzona, Gaztetxea, Mutamu, Geltokiko Jai Batzordea eta Duintasuna pentsiodunen elkartea daude.
Mantxolak bi udalak interpelatu dituztela eta ez direla alderdi baten «txiringitoa» aipatu zuen. «Gure taldean pentsiodunak, feministak, sindikatuak… daude. Aquarberen lana optimoa dela esan duzu, baina azpikontratatutako zerbitzu bat ezin da optimoa izan: beretzat gordetzen duenak optimotasuna kentzen dio. Zergatik ordaindu behar dugu bi herri hauetan bete herrietan baino gehiago? Nora doa fakturan kobratzen digutena? Zilegi al da oinarrizko baliabide batekin (ura) negozioa egitea? Nola izan daiteke kontsumoa %20 jaistea eta prezioa %32 igotzea. Suez multinazionalak bere egoitza Parisen du eta Parisek zerbitzua udalekotzea erabaki du».
Langileak
Bukatzeko, bi udalek lan batzorde bat osatzea proposatu zuen. «Ba al dakizu Aquarbeko langileei ze hitzarmen aplikatzen zaien: Estatukoa. Ur Kontsortziokoek dutena baino okerragoa. Ez al dute errekonozimendu bat merezi? Bestalde, ze eredu uste duzue aukeratuko luketela herritarrek? Gure ustez bide onena udalekotzea da».
Serranok 15 urtetan gauzak asko aldatu direla esan zuen. «Duela 15 urteko egoera eta egungoa ezberdinak dira. Etorkizuneko eredua zehazteko lan egiten ari gara. Zaila ikusten dut Urretxurekin mahai bat eratzea, kontratua luzatzeko asmoa baitute. Baina honek eman du eman beharrekoa eta ibilbide honek eten bat izan behar du».