Gerra garaiko ume olaberritarrak omendu dituzte herrian
Olargi memoria historikoaren taldeak eta udalak gerratean ume ziren olaberritarrak omentzeko ekitaldia egin dute gaur goizean
Gaurko egunez duela 85 urte heldu ziren garai ilunak Olaberrira, 1936ko uztailaren 18an bigarren errepublikaren aurka eman zen altxamendu militarrarekin, estatu kolpe faxistarekin. Etzegaratetik, Lizarraustitik eta Otzaurtetik sartu ziren tropa nazionalak Goierrin, eta Olaberria Santiago egun bezperan okupatu zuten.
«Askotan entzun ditugu gosea, gerra, errazionamendua edota estraperloa bezalako hitzak, zertaz ari zineten jakin gabe», aitortu du Jokin Garmendia alkateak, «baina denborarekin esaten zenuten hori ulertu nahi izan dugu, eta berandu baino lehenago omendu nahi zaituztegu».
Olargi memoria historikoaren taldea etenik gabe ibili da Olaberriko herriaren historia berreskuratzeko lanetan, eta bide horretan ekarpen handia egin dute gerra garaian haurrak izan ziren olaberritarrak. Olargi Elkarteko Mari Jose Insaustik argi utzi nahi izan du lanketa hau ez zela posible izango haien laguntzarik izan ezean: «Urte askotan zehar isilik egon den belaunaldia izan zarete, gizarte osoak onartu zuen isiltasun itunaren ondorioz, baina isiltasunak ez ditu zauriak sendatzen. Azken urteetan izugarri lagundu gaituzue herri honen historia berreskuratzen, zeuen oroitzapen eta testigantzekin».
Orain 85 urte umeak ziren horiek, Carlos Irazuk egindako eskultura bana jaso dute gaur egun Olaberriko umeak direnen eskuetatik, gaurko eguna gogoan izan dezaten. Gaurko aitortzaz gain, argazki erakusketa bat ere jarri dute plaza inguruan. Erakusketa hori bera Olaberriko Udaletxeko ganbaran egongo da ikusgai San Juan Txikiak gerturatu ahala. Hala ere, aurrerago datak zehaztuko dituztela adierazi du alkateak.