Zaintza lanari estalgarriak eranzten
Emakumeak zaintza lanetan aritzearen genealogia eta azterketa antropologikoa argitaratu dute Ataunen, Apalategi Bekarekin. Garai askotako 12 testigantza jaso dituzte, egoera azaltzeko.
Joxemartin Apalategi Begiristain antropologo ataundar zenaren izena duen bekak ikusi du lehenengo fruitua: Bizitzak erdigunean. Ataungo zaintzaileen genealogia feminista (1950-2020) liburua ostegun arratsean aurkeztu zuten, Ataungo udaletxean.
Jone Arrazola eta Miren Aranguren dira egileak, Izaro Erauskin margolari ataundarrak egin du azaleko irudia, eta Ataungo Udalak argitaratu du. Arangurenek aurkezpenean azaldu zuenez, zaintza lanak aitortzea izan da helburu behinena, eta horien derrigortasuna azaleratzea: «Denboran zehar izan dituen aldaketak erreparatu ditugu, baina zer ez den aldatu ere bai: emakumeak zapalduta izateko mekanismoak bistarazi nahi izan ditugu».
Ataunen «dokumentazio oso aberatsa» dagoela esan du egileak, eta hartan oinarritu dira lana egiteko. Baina baita zuzeneko 12 elkarrizketa eta testigantzatan ere. «Gai korapilotsua da oraindik ere, etxeetan gertatzen dena ateratzea dela sentitzen dugulako. Baina askoren bizipenak dira, eta potentzial politiko bat ikusten diogu. Azterketa kualitatiboa izan da, ez datu bidezkoa».
Garai bakoitzeko zaintza lanen ezaugarriak aztertu dituzte, batetik. Neskametzak eta etxekoandre paperen bizipenak bestetik; eta XXI. mendeko etxeko lanen auzia hirugarren. «Zaintza lanekin sekulako erronka dugu oraindik, eta baliabide batzuk eskaini nahi ditugu lan honekin, eztabaidarako tresnak».
Zenbait ondorio ere atera dituzte: langintza ikusezin, feminizatu eta aitortzarik gabekoa dela; migrazio prozesuei loturik segitzen duela, prestigiorik gabe eta gaizki ordainduta; etxe barneko ideologia, familien kontzepzioa eta eremuen banaketa industrializazioarekin aldatu zirela; gaur egun askotariko dimentsioak dituen arren zaintza-erregimen oso zehatza dagoela Euskal Herrian, familian eta emakumean zentratua; eta bazterkeriarako eta zapalkuntzarako eremu izan dela zaintza lana, baina baita erresistentziarako, mundu berriak ezagutu ahal izateko eta desobedientziarako ere. Azken ondorioa, garbia: «Modernizazio bidean jarri behar dira zaintza lanak».
Epaimahaikoen iritziak
Bekan epaimahai zientifikoa osatu duten lau adituetatik Jaione Apalategi eta Nerea Elias izan ziren aurkezpenean, Irati Arratibel zinegotziak lagunduta. Bi epaileek lanaren balioa aitortu dute. «Ezinbesteko ikerketa lan bat egin dute. Asko teorizatu da azken urteotan, eta lortu dute sakoneko analisia gorpuztea eta hezur-haragitzea, Ataungo emakumeen testigatzen bitartez», esan du Eliasek. Liburua «errekonozimendu eta errekonozitze ariketa» eta memoria ariketa bat izan dela ere erantsi du.
Joxemartin Apalategi «harro» sentituko zatekeela esanez hasi zen Jaione Apalategi arreba. «Bekaren lehen deialdian ez zen atera, eta orain lan hau egitea ohorezkoa da familiarentzat».
Eduki eta ekarpen aldetik, liburuarekin «Ataun mugarri bihurtu» dela ziurtatu zuen Apalategik, «ez baita bertako zerbait bakarrik, oso ikusmira teleskopikoa dauka».