Antzerkia, musika eta argazkiak Uztakaleri amaiera emateko
Uztakale egitaraua ari da azkenetara iristen. Gaur 'Turistreatzen' kale antzerkia egingo dute, eta bihar, 'Soularen Divak' musika ikuskizuna.
Gaurko antzerki emanalditik hasi eta hilaren 31ko txistu kalejirara arte, Uztakale kultur egitarauak sei hitzordu eskainiko dizkie legazpiarrei, aurtengoari agur esan aurretik. Leku itxietan egingo diren ekitaldietarako sarrerak hartu beharko dira aurrez, Kultur Etxean.
Lehenengo hitzordua gaur bertan izango da, Trapu Zaharra taldearen Turistreatzen lanarekin. 19:00etan izango da, Haztegi ikastolako patioan. Jon Sagarzazu eta Lierni Fresnedo protagonistak direla, San Fernando izeneko bidai agentziaren proposamen berri bat da lanaren haria: bidai birtualak.
Estilo askotako musika
Uztakalaren azken txanpa honetan, musikak leku nabarmena hartuko du, estilo askotak musikak gainera.
Bihar, Evening Prayer hirukotearen SOULaren DIVAk kontzertuaren txanda izango da. Lidia Insausti abeslariak, Iñaki Miguelek (pianoa/gitarra) eta Andoni Etxebestek (bateria), soul musikaren historiaren emakumezko ahots garrantzitsuenen errepasoa egingo dute: Nina Simone, Aretha Franklin, Etta James, Roberta Flack… Agirre-Etxeberrin izango da, 19:00etan.
Larunbatean, berriz, Goiz Deia Txistulari taldeak gonbidatuta, Kittu taldearen emanaldia izango da kalean. 12:30ean hasita, emanldi ibiltaria eskainiko dute musikariek erdigunean. Goiz Deiako txistulariek, berriz, uztailaren 31n kalejira egingo dute San Ignazio auzoan.
Eta igande honetan, uztailak 25, Legazpi Musika Banda 11:00etan aterako da berriz ere kalera, erdigunean.
Ikatzaren azkena, natura
Ikatzak ere hitzordua du aste honetan. Ostiralean azken ikus-entzunezkoa egingo du, naturari eskainita, 22:30ean, Azokan.