Argazkiak, Aterpeko argitara
Argizpi elkarteko argazkilariek 'Argazki topaketa' erakusketa ipini dute Aterpe tabernan. Batek sortzaileei euren lana erakusteko aukera eskaintzen die, eta besteek aukera baliatzen dute.
Argia harrapatuta gelditzen da argazki kameran. Objektibotik barrena sartzen da eta irudi formatuan irteten da, betikotuta. Baina argazkilarien lana argitara ere atera behar da, itzalean geratu ez daitezen. Aterpe tabernak Argizpi Argazkilaritza Elkarteko kideei euren lanak erakusteko aukera eskaini die. Irailaren 8ra arte egongo dira ikusgai, Argazki topaketa erakusketan.
Askotariko argazkiak daude: erretratuak, paisaiak, ekintzak… Argazkilari bakoitzak argazki bat erakusteko aukera izan du; batzuek bi jartzeko aukera izan dute. 20 bat argazki dira, denera.
Argazkiak erakusteko aukerak ez dira soberan egoten. Argizpi elkarteak berak urtero antolatzen du erakusketaren bat edo beste, Beasain Hiria argazki lehiaketaren harira edo herriko beste elkarte batzuekin. Horregatik, argazkilariek gustura hartzen dituzte euren lanak erakusteko aukerak.
Aterpe tabernak urteak daramatza inguruko sortzaileei euren lanak erakusteko aukera eskaintzen. Bi interesek bat egin dute hilabete honetan. Erakusketa jada zabalik dago.
ARGAZKI TOPAKETA
Argizpi Elkarteko 16 argazkilari. Manu Barreiro; Felipe Davila; Asier Garagartza; Oskar Gaskon; Agustin Gurrutxaga; Miguel Angel de las Heras; Lourdes Losada; Luis Martinez Aniensa; Mila Mendia; Javier Ortiz; Javier Quiros; Enrique Ripa; Tomas Sarasola; Marian Segovia; Mikel Urrestarazu eta Imanol Zubiaurre.