Bide herri baten eraldaketaz
Irati Otamendi doktore arkitekto beasaindarrak Ormaiztegik bide herri bezala izan duen garapena aztertu du, Zumalakarregi Museoko 'Urgullen magalean. Donostiako estanpak' erakusketaren harira.
Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoko Urgullen magalean. Donostiako estanpak aldi baterako erakusketaren bidez hiriburuak izan duen bilakaera ikus daiteke, lehenengo finkapenen ezaugarriak adierazten baititu. Urgulen magalean kokatu ziren Donostiako hastapenak. San Telmo Museoak eta Zumalakarregi Museoak elkarlanean garatutako erakusketa da, eta Ormaiztegira ekarrita, azken horren bilakaera aztertu du Irati Otamendi doktore arkitekto beasaindarrak. Joan den astean hitzaldia eman zuen museoan ezaugarriak aurkezteko.
Bide ertzeko herria da Ormaiztegi. Bidea izan da ardatz nagusia, eta horren bueltan kokatu ziren etxeak, eliza, plaza Otamendik azaldu duenez: «Forma aldetik ardatz egituratzailea bidea izan da, eta funtzionalki komunikabidea da beste hiri batzuekin». Bidearen izaera aldatu den eran, Ormaiztegiren izaera ere aldatu da mendez mende.
Bidea abiapuntu hartuta, bi zatitan landu du eraldaketa: «Kokapena, lurraldean nola kokatzen den herri hau beste herri batzuekin harremanetan, eta kokalekua, nola egokitu den herria bertara edo baliabideak nola aprobetxatu diren». Azken horri lotuta, 1854. urtean eraikitako bainuetxeak herriko ekonomia eredua aldatu zuen: «Kanpotik jende gehiago etortzen da eta zerbitzua emateko herrian denda, negozio eta diru iturri berriak sortzen dira, ordura arte abeltzaintza edo nekazaritzatik bizi zirenak».
Zabalkundea
XIX. mendeko hazkunderako beste faktore bat trenbidea izan zen. Garaiko udalak bultzatutako proiektua izan zen: «Eraikitze urte horietan, 1858-1864 tartean, langile kualifikatu asko etortzen dira kanpotik, eta biztanleria eta ekonomia haziko da». Lanak amaituta, «haztegia» Ormaiztegin gelditu zen eta zabalkunde urbanistikoa eman zen: «Iniziatiba industrial gehiago hasiko dira eta hortik aurrera izango da zabalkunde handiena, iparraldera hazten da herria».
Bidegurutzea
Plaza bide erdian zegoen garai batean, eta kale nagusia zen ardatz nagusia. Horren inguruan zegoen herria. Gaur egun, Ormaiztegik bide herri izaten jarraitzen duela dio Otamendik, baina hasierako definizioa aldatuta: «Berezko definizioan ardatz bat dago eta albotara eraikitzen da; bide herria da Ormaiztegi, baina gaur egun bide bat baino bidegurutze bat da».