Ekirock Bira Ordiziara iritsiko da bihar, Esanezin eta Aitana Cabidorekin
Ordiziarrock taldeak antolatutako egitasmoa da Ekirock Bira. Herriko hainbat gunetan egingo dituzte kontzertuak, egunean zehar.
Ordiziarrock taldeak Ekirock bira egingo du bihar. Bizikleta ekologiko musikala Ordiziako kaleetan ibiliko da, herriko zenbait puntutan geldiadiak eginez, eta Goierriko musikarien lana ekarriz. Esanezin proiektu musikalaren eta Aitana Cabido bakarlariaren kontzertuez gozatzeko aukera egongo da, oraindik sorpresa den Ordiziako txoko desberdinetan. Izan ere, zein ordutan hasiko den bai aurreratu dute 18:00etatik aurrera, baina kontzertuen kokalekuen inguruko informaziorik ez dute aurreratu, hala herriko kaleetan barrena, musikarekin topo egiteko.
Esanezin eta Aitana Cabido
Ekirock Birak bi artista goierritarren musika ekarriko du. Esanezin musika proiektuaren atzean Ianira Aranzabe altzagarra dago. 2019ko udan eman zituen bere lehen pausoak musika munduan Oriol Flores musikariarekin batera, freskotasuna eta esperientzia uztartuz. 2020ko apirilean ikusi zuten argia lehenengo bi abestiek, eta 2021eko maiatzean lehen EPa argitaratu zuen Aireratzen izenburupean.
Aitana Cabido ordiziarra da, 17 urte ditu eta pianoa eta gitarra ditu bidelagun. Txiki-txikitatik murgildu zen musikaren munduan eta orain arte sortu dituen abestiak aurkeztuko ditu.