Emozio eta estilo ezberdinetan barrena
Emotio ahots taldeak hainbat hilabetetako geldialdia eten eta «mimo handiz» prestatutako ikuskizuna egingo du ostiralean, Ordiziako parrokian.

Urte bat eta erdi baino gehiago emankizunik eman gabe egon eta gero, Ordiziako Emotio taldeko kideak ilusioz beterik daude, azken hilabeteetan prestatu duten kontzertua jendaurrean egiteko. Ostiralean izango da, Ordiziako eliza nagusian, 20:15ean hasita.
Taldearen zuzendaria Debora Herrerok azaldu duenez, «mimo handiz» prestatu dute ostiralekoa. «Aurten Ordiziako festak ospatuko ez badira ere, nolabaiteko keinua egin nahi diegu ordiarrentzat hain bereziak diren egun horiei, eta gure aletxoa jarriko dugu kontzertu honekin». Gehitu du, «adin guztietarako publikoaren gozamenerako» izango dela, «abesti koral klasikoak, euskal folklorea, abesti modernoak, eta 50.eta 60. hamarkadetako hit-ak kantatuko» dituztela.
Ordiziako Santa Ana jaiei keinu bat, «baina baita pandemiak kaltetu dituen pertsona guztiei ere; kontzertu honekin energia positiboa eta indarra transmititu nahi diegu guztiei», nabarmendu du Herrerok.
Kontzertua, esan bezala, Ordiziako parrokian izango da ostiralean, COVID-19 testuinguruan bete beharreko neurri guztiak hartuta. Horrek aforoari ere eragingo dio; plazak bete arte ateak irekita egongo dira.
Bestalde, webgune berria ere estreinatu du Emotio taldeak; emotio-taldea.com. Bertan, taldearen inguruko informazio guztia aurki daiteke.