«Nik Igartzan jotzeko aukera izango dut, luxu bat da hori»
Kortaberriak etxean joko du bihar, Igartzan, Igartza Musika Programan. Javier Perez de Azpeitia piano-jotzailearekin arituko da. Sarrera guztiak agortuta daude.
Martin Kortaberria Larrea Lazkaon jaio zen (1999), baina Beasainen igaro du bizi osoa. Biolinarekin ere gazte hasi zen. Beasaingo Musika Eskolan jaso zuen lehen oinarria; kontserbatorioan ikasketak sakondu ostean, Igartza Musika Programaren baitan kontzertua eskainiko du bihar (20:00etan, Igartzan)
Musikari gazteek baduzue zuen musika eskaintzeko aukerarik?
Nik Igartzan jotzeko aukera izango dut, luxu bat da hori. Gainera, pertsonalki oso modu polita iruditu zait herriari itzultzeko eman didan guztia. Beste herrietan ez dakit zein den apustu kultura, baina nik ez ditut halako kasu asko ezagutzen.
Jendaurreko emanaldietara ohitu zara?
Zer erremedio. Baina hasi aurreko urduritasunak ez dira sekula joaten. Eta Musikenen bertan esperientzia handiko irakasleei galdetu nien ea urduritasun hori noizbait gaindituko dudan, eta ezetz esan zidaten. Nerbioak kontrolatzen jakin behar da, aurretik egindako lanari ahalik eta gutxien eragiteko. Badago jendea oholtza gainean etxean baino hobeto jotzen duela, baina gutxiengoa da.
Gustatzen zaizu jendearen aurrean jotzea?
Azken aldian gustua hartzen ari natzaio. Kostatu zait, baina azken urte eta erdi honetan askoz ere erosoago sentitu naiz.
Bertigoa ematen du?
Baliteke momenturen batean beldurra hartu izana jende aurrean jotzeari. Musikalki zarena jende aurrean azaltzea konpromiso bat delako. Baina musika musika dela pentsatzeak lasaitzen nau. Ez zara inor hil ala bizi operatzen ari. Kontzertuetara jendea gozatzera joaten da, ez epaitzera. Nire lana jendeari ahalik eta gehien goza araztea da.
Etxean jotzeko ezer berezia prestatu duzu?
Programa nahiko bariatua da. Niri gustatzen zait. Beno, nik aukeratutako errepertorioa da, karrera bukaerarako errezitaldirako. Obra barroko bat, klasiko bat, erromantiko bat eta jai-giroko bat izango da, Pablo Sarasateren Capricho Vasco.
Zeren arabera egiten duzue hautaketa?
Musikeneren politikak dio errezitaldietan denetarik jo behar dela. Hor bai epaitzen zaituztela, eta barietatea beharrezkoa da. Halere, piezak aukeratzeko askatasuna izaten da, norberaren gustuen arabera.
Argi zenuen biolin-jotzailea izan nahi zenuela?
Txikitatik izan nuen musikarako joera handia. Zuzendari izan nahi nuen. Baina lau edo bost urterekin biolin bat oparitu zidaten eta seirekin klaseak jasotzen hasi nintzen. Argi nuenez musika mundutik bizi nahi nuela, batxilergoa egiterako argi nuen musika ikasketak egingo nituela.
Nolakoak dira musika ikasketak?
Batxilergo musikala egin behar nuen, Donostian, hemen halakorik ez dagoelako. Baina LOMCE legearekin aukera hori kendu egin zuten. Batxilergo artistikoa egin nuen, orduan.
Musikenerako probak aparte landu nituen. Selektibitatea egin eta handik aste batera izan ziren probak, Donostian, Musikenen. Suertez, sartu nintzen. Egia esan, Beasaingo Musika Eskolan prestakuntza ona eman zidaten probei begira: errefortzu klaseak izan nituen armonian, historian, analisian… justu, Musikeneko sarrera-proban eskatzen dutena. Oso ondo etorri zitzaidan, oinarri teoriko bat eman zidalako. Beasaingo Musika Eskolako irakasle guztiei oso eskertuta nago.
Eta ikasle-bizitza, zer moduz?
Lehenengo hiru urtetan joan eta etorri ibili nintzen eta, egia esan, nahikoa kaotikoa zen. Musikenen ordutegiak irakasleen arabera egiten dira eta klase batzuk goizez eta beste batzuk arratsaldez izaten nituen. Ordu solte asko gelditzen zitzaizkidan, eta egun osoa etxetik kanpo pasatzen nuen. Azkeneko urtean, laugarren mailan, Donostian pisu batean izan naiz eta beste esperientzia bat izan da. Askoz lasaiago; eta entseatzeko ere askoz denbora gehiagorekin.
Sartutako orduak nabarituko dira.
Egia esan, puntu batetik aurrera, ez du gehitzen. Buruak tope egiten du. Beti izan naiz azterketetarako azken egunean ikastekoa, baina hemen horrek ez du balio; konstantzia bat behar du. Eta hori da ezin duzulako azken egunean egin hamalau orduko saio bat, buruak ezin duelako. Azkenean, gauzak errepikatzen dituzu zentzurik gabe, eta ez duzu hobetzen. Hobetzeko behar dena da egiten ari zarena kontrolatu, pentsatu zer nahi duzun egin. Inertziagatik egiteak, pentsatu gabe, ez du ezertarako balio. Bi orduko entsegu bat jakinda zer egiten ari zaren askoz produktiboagoa da zortzi orduko entsegu inkontziente bat baino.
Jo bakarrik ez, entzun ere egin beharko da.
Garrantzitsuena entzutea da. Jotzen ari zarenean ere bai.
Biolina bakarrik entzuten duzu?
Gehiago entzuten dut biolinik ez duen musika. Gustatzen zait biolina entzutea, baina musikarientzat garrantzitsua da ikuspuntua zabalduta izatea. Musika estilo asko daude, eta biolina askotan dago: klasikoa, herrikoia… adar asko daude heltzeko, eta musika estilo ezberdinak entzuteak ireki diezazkizuke begiak zuk, musikari bezala, zer egin nahi duzun.
Pandemiak eragin dizue musikari gazteei?
Eragina nabaritu dugu. Jendearen aurpegiak ikustea, eta konplizitate begirada nabaritzea, niri asko gustatzen zait. Eta esangu nuke musikari guztiei. Eta orain esperientzia hori oso aldatuta dago.
Orkestra munduan gehienak pribatuak dira, eta askok itxi egin dute. Euskadiko Orkrestrako probetara atzerriko musikari asko etorri dira, eta ondorioz plazak garestitu egin dira.
Nora bideratu nahi duzu zure ibilbidea?
Orkresta asko gustatzen zait, baina pedagogiak gehiago erakartzen nau. Zuk dakizuna hurrengo belaunaldiei erakusteak asko betetzen nau; eta gainera beste proiektu batzuetan muturra sartzeko aukera ematen du.