Tennesse Williamsen bi obra labur ekarriko ditu Urrup antzerki taldeak
Egile estatubatuarraren 'Larkspur lozioaren markesa' eta 'Zapaldutako petunien kasua' obrak aurkeztuko dituzte. Emanaldia Ordiziako Herri Antzokian izango da, bihar.
Ordiziako Herri Antzokiko teloia berriz irekitzeko orduak falta dira, Urrup antzerki taldeko lagunek hilabeteetan landu dituzten bi antzezlan taularatzeko. Tennesse Williamsen bi pieza labur aurkeztuko dituzte: Larkspur lozioaren markesa eta Zapaldutako petunien kasua. Hitzordua, bihar, osteguna, 22:00etan izango da.
Ez da lehen aldia Williamsen obra taularatzen dutena Urrupekoek. Duela bi urte Desio izeneko tranbia ere antzeztu baitzuten. Egile estatubatuarraren obra lantzea esperientzia ona izan zenez, orain, egile beraren bi pieza laburrekin datoz. Urrupeko kideen hitzetan, «pieza laburrei dagokienez, egileak muturreko egoeran dauden pertsonaiak aurkezten ditu, eta amildegiaren ertzean, liberazioarako aukera agertzen da».
Hala, Larkspur lozioaren markesa eta Zapaldutako petunien kasua dira aurtengo emankizunerako aukeratu dituzten obrak. Garazi Otegi eta Maitane Uriarte arduratu dira euskarazko itzulpenaz. Lehenak, «egoera tragikomiko bat jorratzen du, non Wire anderearen pentsio ziztrinean bizi den markesa, Moore anderea, ez da benetako dama, eta laguntzera datorkion mozkorra ere ez da Anton Chejov idazle famatua». Bigarrenean, «tragikomedia hau ere, pertsonaia nagusia, Dorothy Simple, harresi ikusezinak dituen kartzela moduko batean dago. Konformismoak eta ohiturek agintzen dute bere bizitzan. Dorothy Simpleren tragedia zera da: bera babesten duena, isolatzen duen gauza bera dela. Baina sabotaje batek dena alda lezake».
Rosa Rojoren zuzendaritzapean, Marisol Cavero (Moore anderea), Ana Martinez (Wire anderea eta Dorothy Simple), Juan Manuel Pecharroman (idazlea), Jose Luis Argiñano (polizia), Gorka Lariz (gaztea) eta Maribi Lopez (Asperen anderea) igoko dira oholtzara.
Interpretazio arloan aktoreek egin duten lanak bakarrik ez, dekoratuek borobilduko dute emankizuna. «Imanol Juanesek ahalegin handia egin du dekoratuak ekoizteko, hauek berehala aldatu eta bi obretara egokitu ahal izateko. Bestalde Goxararen Loinatz eguneko zentruko erabiltzaileek dekoraturako hainbat eskulanekin lagundu digute».
Hemen, gosea egiten hasteko informazioa, plater nagusia berriz, bihar, 22:00etatik aurrera Herri Antzokian eta Urrup antzerki taldearen eskutik. Sarrerak, leihatilan bertan edo Kutxabank-en eskuratu ahalko dira.