Fruta eskaintza areagotzen ari da, sagar berriak eta madariak iritsita
Baratza ez dago nobedade askotarako garai honetan, eman beharreko gehienak eman dituelako. Fruta arbolak, berriz, bere onenean sartzen ari dira, eta hori nabaritzen da ferian.
Udako sasoia hasi denetik, nobedadeak etengabe iristen ari dira Ordiziako feriara, eta atzokoa ere ez zen salbuespena izan alde horretatik. Hori bai, atzo baratzetik baino, fruta arboladietatik iritsitakoak ziren nagusi. Sagar barietate berri bat, madariak eta aran aukera gehiago, horiek guztiak dira aipatu beharrekoak.
Sagar berriak Gabiriako Jose Antonio Elosegik aurkeztu zituen, «reina de reinetas» edo errege sagarren erregina deritzan barietatekoak, hain zuzen. Sagar gorriska da eta zapore bizikoa, baina ez Elosegik ondoan zuen San Joan sagarra adina. Iraupen luzeagoa du, gainera, eta bezeroek gehiago estimatzen dute. Kiloa 2,5 euroan zuen salgai, San Joan sagarra bezala. Gabiriarrak beste fruta bat ere bazuen, aran berdea, «ez da Klaudia arana, baina hori ere laster etorriko da»; kiloa 3 euroan zuen. Sagar kontuetara itzuliz, aurten iazko denboraldian baino uzta hobea izango duela aipatu zuen sagarzaleak, «ea eguraldik laguntzen duen, iaz bi haizete handi izan ziren eta sagar ugari bota zituen lurrera».
Madariak ere aipatu behar dira, Arantxa Zurutuzaren postuan zeuden salgai, Moratini barietatekoak. Idiazabalgo Kalbario baserrikoak ziren, eta kiloa 3,5 euroan zuen. Fruta eskaintzaz gain, Zurutuzaren postuak badu beste berezitasun bat, lore sortena. Atzo ere bazituen ikusgarriak, laranja koloreko lirioekin osatutakoak; sorta 5 euroan zuen salgai, baita gladiolo, agapanto eta margaritena ere.
Barazki berriak ere aurkeztu zituzten atzoko ferian. Lehenik, Montes Etxeko Arantxa Iparragirreren piper morro gorri-berdea aipatu behar da; kiloa 4 euroan zuen salgai, morro berdea baino zerbait garestiagoa (3,5 euro).
Bestetik, Caparrosoko ekoizle ekologikoen postuan ere izan ziren nobedadeak: Zalla barietateko tipulin gorria (kiloa 2 euroan) eta, neguari begira jarrita, baita aza lisoa, aza kixkurra eta lonbarda ere (kiloa 2 euroan).
Onddoa nagusi
Perretxikoen eskaintza, azkenik, ez zen mugatu Mikel Lasa eta Felix Barcinaren postuetara, eta Plaza Nagusiaren barruan ere, Zaldibiako Asun Etxeberria eta Altzagalko Arantxa Lopetegiren mahaietan eros zitezkeen gibelurdinak (10 kilo guztira, kiloa 15 eta 30 euro artean) eta ziza horiak (8 kilo, 12-15 euro), baita onddoak (kilo eta erdi, kiloa 25 euroan) ere.
Beste bi postuen artean, berriz, 253 kilo onddo (kiloa 22 eta 28 euro artean), 60 kilo gibelurdin (15-24 euro), eta 35 kilo ziza hori (12 eta 20 euro artean) jarri zituzten salgai.