Irati Zubizarretak ezin izango du bere laugarren mundialean lehiatu
Espainiako federazioaren protokoloak dio berrogeialdia amaitutakoan bi aste igaro behar direla lehiatzen hasteko. 23 urtez azpiko azken mundiala zuen. Etorkizuna ez du zehaztuta
Irati Zubizarretak 23 urtez azpiko mendi lasterketen munduko txapelketan parte hartu behar zuen datorren astean, baina ezin izango du. COVID-19an positibo eman zuen uztailaren 15ean. Osasunez indartsu sentitzen da, baina ezin izango du Apeninoetara bidaiatu, Italiara. «Hasieran PCR negatibo bat eskatzen zidaten. Baina duela bizpahiru egun selekzioko medikuak deitu zidan eta esan zidan federazioak erabaki zuela behin PCRan negatibo emanda, hau da, konfinamendua amaitu ondoren, bi astez kirolik egin gabe egon behar nuela. Hori da Espainiako federazioaren protokoloa», azaldu du. «Dagoena da», atsekabetu da. «Animikoki ondo nago. Hasieran kolpea izan zen, baina okerrago pasa nuen lehen egunetan. Ezjakintasuna zen okerrena. Ez nekien joateko aukerarik izango nuen ala ez».
Beste hiru mundialetan izandakoa da; urrea kolkoratu zuen 2017an, gainera. Baina mundial guztiak bereziak dira. Aurtengoa are gehiago. «Gazte mailako nire azken mundialak ziren. 23 urte arte da, eta nik jada 23 ditut. Pixka bat pena horregatik dut, nire azken urtea zelako». Aurrean ibiltzeko itxaropena zuen, gainera. «Hasieran helburua mundialera iristea besterik ez zen. Esperientzia da gerora gogoratzen zarena. Baina behin hor egonda eta irabaztea posible dela ikusita, aurrean egotea helburua izaten da. Lortu izan dut, baina ez dut berriz irabaztea lortu».
Etorkizuna
Datorren denboraldian senior mailan lehiatuko du, eta are zailagoa izango da mundu mailako txapelketetarako txartela eskuratzea. «Mundialera joateko zure mailan lehendabizikoa izan behar duzu. Maila absolutuan Espainiako neska guztien artean aurrena izan beharko dut».
Saiatzea ez du baztertzen Zubizarretak, baina etorkizuna ez du argi. «Aukerak zabalik utzi nahi ditut. Ez dut biderik zehaztu nahi, eta ez dut helbururik jarri nahi. Gogoen arabera moldatuko naiz».
Beasaindarraren esanetan, «egia da orain arte nahikoa buru belarri aritu naizela ondo atera zaidalako: babesleak ditut, emaitza onak lortu ditut… Hemendik aurrera zailagoa izango da. Profesionalizatuagoa izango da, nahiz eta bizitzeko ez duen ematen. Ez dakit zein puntutaraino jarraituko dudan. Agian nahiago izango dut lasaiago hartu, mendia beste era batera bizi».