Zaldibian herritar berriei harrera-gida emango diete herriko balioak azaltzeko
Jatorri aniztasunaren lanketatik erabaki dute herriko oinarrizko informazioa elebitan ematea, eta aurki argitaratuko dute. Harrera eguna irailero egingo dute, azken urteko erroldatuekin
Zaldibian euskararen eta herritarren jatorri aniztasuna uztartzeko garatzen ari diren lanketa ari da fruituak ematen. Orain hurrena azkeneko bilera lehengo astean egin zuten, udaletxe berriko batzar aretoaren estreinakoa suertatu zena. Zaldibiara bizitzera joaten denari harrera egiteko protokolo bat sortzea adostu dute.
Etorri berrientzat harrera-gida izango da tresna bat. Zaldibiako zenbait informazio edukiko ditu, oinarrizko zerbitzuenak eta bestelako jakingarriak: zerbitzu publikoak, herriko bestelako zerbitzuak, baliabideak, historia eta datuak, «eta gure herriaren balioak, tartean euskara, noski», azaldu du aniztasun taldeak.
Erroldatzen diren unean udaletxean bertan emango diete gida hori. Aurki argitaratuko du udalak. Euskaraz eta bigarren hizkuntza batean (bost aukera jarri dituzte) egongo da gida.
Bestetik, Harrera Eguna ere urtero gauzatuko dute. Iazko irailean egin zuten lehenbiziko topaketa, azken urtean Zaldibiara iritsitako herritar berriak eta bertakoak elkartu, eta lehen hartu-eman bat irekitzeko. Aurrerantzean ere irailero egingo dute harrera eguna, aurreko urteko irailetik erroldatutakoen ongi etorri gisa.
Euskararen hatsa eskolan
Jatorri aniztasunarekin lotutako bigarren zutabea euskara, kulturartekotasuna eta komunikazioa dira, Lardizabal herri eskolan Uemarekin batera garatzen ari diren proiektu aitzindaria. HUHEZIko Amelia Barquin eta Karmele Perez irakasleek formazioa eman diete berriki guraso, irakasle, Etxekonekok, Berritzeguneko eta udaleko ordezkariei, proiektuko Talde Hedatuan.
Datorren ikasturtean probatuko eta aplikatuko dituzte eskolan metodologia eta teknika berriak. «Euskaraz bizi den herria izaten jarraitu eta aldi berean komunitate integratua eta elkarrekiko errespetuzkoa osatzeko erronkari heltzen goaz pixkanaka proiektu ezberdinen bidez», azaldu du Zaldibiako Udalak.