Edertasunak berde kolorea du
Osinberdeko txangoa egin dute gaur. Abuztuan errepikatuko dute, beste hainbat jarduerarekin batera
Eguna duda-mudatan esnatu da Zaldibian, lainotuta. Baina ura ez dator zerutik, lurretik baizik. Aralar kareharrizkoa denez, mendiak ura xurgatu egiten du; eta ura jaiotzen den lekuan gainazalera irteten da. Osinberdeko putzua handik hornitzen da. Txangozaleak putzura heltzerako argitu du, eta bisitariek paisaia ezin ederragoa topatu dute: harritik txirristan iristen da ura potzura. Iturri bat dirudi; bestaldean, zuhaitz artean, bisitariak daude. Bateren bat hankak bustitzera ere ausartu da. “Zalantzak izaten ditut halako tokiak erakutsi ala ez”, aitortu du. Zalduaren ustez paraje “xarmagarria” da, eta beldur da jende asko pilatuz gero edertasuna galduko ez ote duen. Baina horrek toki ederrak jendeari erakutsi behar zaikiola ere sinetsita dago. “Errespetua da gakoa”, erantzun dio bisitari batek. “Ezer ez ekarri; ezer ez eraman”, borobildu du gidak.
Txangoa behereagotik hasi dute, baina, Arkakatik. Dozena bat lagun dira, familiatan banatuta: Hernanitik, Tolosatik, Lasartetik… datoz. Goierri aurretik ere ezagutzen dute. Ataunen izan zirela kontatu du familia batek, Jentilbaratzak antolatutako txangoetan. “Txango ederrak dira, ingurune politean. Eta gainera gidari batekin izanda, esperientzia are aberasgarriagoa da”, osatu dute. Luis Mari Zaldua Etxabe da gaurko gidaria, Gipuzkoako parketxeetako langilea. Lizarrustikoa, kasu honetan, Aralarren.
Etxabe doa aurretik, kontu kontari, eta bisitariak segika, ahate-kumeek amari jarraitzen dioten bezala. Bisitariek asko ikasten dute adituari entzuten: toponimia, iraganeko sinismenak eta ohiturak, flora… Haritzak, urritzak, gaiztaindoak… ikusi dituzte bidean. “Egurra noiz moztu behar da?”, galdetu du; inork ez du erantzuten jakin. “Zuhaitzak neguan moztu behar dira, ilbeheran edo ilberri denean. Ostoak zorrotzak badira, hilbehera; borobilak badira, hilberri denean”.
Jakinduria zaharra
Garai bateko bizimoduarekin lotutako jakinduria da. “Zein da txabolaren eta bordaren arteko aldea? Txabolan artzaia edo unaia bakarrik bizi da, baina bordak ukuilua ere izaten du”. Aralar goian txabolak dira nagusi; beherago bordak daude. Txangoa borda artean da. Iraganean behien bazka-lekua zen, larrez josia, baina egun basoa da nagusi. Paseoan dabilen bakarren batekin gurutzatu dira, baina inor gutxi.
Txangoa errepikatuko dute abuztuaren lehendabizikoan. Aralarko parketxeko kideek jarduera gehiago ere prestatu dituzte. Mitologia ardatz hartuta, orientazio jolasak, esaterako. Uztailaren 31an eta abuztuaren 14an eta 28an egingo dute; Amaia Agoteren eskutik basobainua egingo dute abuztuaren 21ean.; Lizarrustiko basobira abuztuaren 29an egingo dute. Lizarrustiko paisaia ehundu duten zuhaitz magikoak bisitatuko dituzte. Ekintzetan parte hartzeko parketxekoekin harremanetan jarri behar da, edukiera arazorik ez dadin egon.