Irizarrek "bost izarreko" autobusa ekoitzi du Euskaltel-Euskadirentzat
Ordiziako klasikoaren bezperan aurkeztu dute Euskaltel-Euskadik Espainiako Vueltan erabiliko duen autobusa. Ormaiztegin ekoitzi dute
Irizarrek “bost izarreko” autobusa ekoitzi dio Euskaltel-Euskadiri Espainiako Vueltarako. “Espresuki” diseinatutako autobusa dela azpimarratu du Iñaki Estensoro Irizargo presidenteak: Irizar i6S modelokoa da; 13 metro luze da eta bi zatitan dago banatuta. Aurrealdean banakako eserlekuak ditu, txirrindularien erosotasuna bermatzeko. Proiektore bat ere badu, bilerak egin ditzaten. Atzealdean atseden hartzeko gunea du, autobusaren atzealdea inguratzen duen sofa batekin. Dutxak, komuna, hozkailua, sukaldea, arraska… ere baditu. “Kirolarien beharrak kontua hartuta diseinatutako autobusa da”, borobildu du Estensorok. “Bakarra da, ez du parekorik”.
Irizarrek eta Euskaltel-Euskadik elkarri laguntzeko hitzarmena sinatu zuten iaz. Kontratu horren baitan kokatzen da autobusa. Estensorok gogoratu du Irizarren “aspaldi” egin zutela “kirolaren eta gure kirolarien aldeko apustua, eta hitzarmenak bete betean jasotzen du filosofia hori”. “Ilusio handia egiten digun egitasmoa da eta guretzat ohorea da”, gaineratu du.
Jesus Ezkurdia Euskadi Fundazioko managerrak esker oneko hitzak izan ditu. “Pandemiaren itzala luzea da, eta egun ez da erraza halako hitzarmenak sinatzea. Euskadi Fundazioarentzat ohorea da Irizar bezalako enpresa handi baten laguntza jasotzea, autobusen ekoizpenean mundu mailako erreferentea den enpresaren laguntza. Irizarrek eta fundazioak, gainera, bat egiten dugu balore askotan: etxekoaren aldeko apustua, talde-lana, elkartasuna edo egunetik egunera hobetzen joateko grina”.
Autobusari dagokionez “luxu bat dela” aitortu du. “Detailerik nimiñoena kontuan hartu dute eta talde profesional batek behar dituen erosotasun guztiak dauzka. World Tour mailako talde askok nahiko lukete gurea bezalako autobusa izatea”.
Ordizian, bihar
Ordiziako klasika jokatuko da bihar. Euskaltel Euskadi bertan izango da, autobus eta guzti. Tartean Gari Bravo lazkaotarra izango da: “Tope nago. Denboraldiko lehenengo zatiaren ostean atseden hartu dut eta indartsu sentitzen naiz”, aipatu du. Helburua ahalik eta gehien ikustaraztea izango dela aitortu du; ihesaldian sartzea gustatuko litzaioke, sariren bat bereganatzeko. Sailkapen nagusia ere ez du baztertzen. Lehen hamarren artean hiru aldiz amaitu du. “Karrera guztiak dira inportanteak, baina etxekoak gehiago iristen dira. Etxekoak, lagunak, ezagunak… izango dira errepide bazterrean”.
Bravo Italian izan da lehiatzen aurreko astean. Ordiziaren ostean Gaztela eta Leongo itzulia korrituko du, eta Portugalgo Volta ondoren. Aurreko postuetan borrokan egon nahiko luke, Espainiarako Vueltako taldean lekua egiteko.