Irribarria-Petite eta Lara-Loza bikoteek jokatuko dute finala
Etzi, osteguna, Idiazabalgo V. pilota txapelketako finala jokatuko da Igarondo pilotalekuan. Irribarria-Petite eta Lara-Loza bikoteek jokatuko dute azken partida hori, txapelduna nor den erabakitzeko. Hirugarren eta laugarren postuak ere ostegunean erabakiko dira. Amundarain-Iztueta eta Amiano I-Garcia bikoteak lehiatuko dira hirugarren eta laugarren postuetarako. 19:00-etan hasiko da jaialdia.
Guztira promesa mailako 17 eta 19 urte arteko 12 pilotarik jokatu dute aurten txapelketa. Aurrelari eta atzelariek bikote ezberdina izan dute txapelketako partida bakoitzean, eta partida gehien irabazi dituzten pilotariek lortu dute finalera iristea.
Oscar Garcia antolatzaileak azaldu duenez, «denek aukera berdinak izan ditzaten» antolatzen dute modu horretan txapelketa. Semifinalak 5 gipuzkoarrek eta hiru errioxarrek jokatu zituzten, eta gipuzkoar bakarra eta hiru errioxar iritsi dira finalera. Irribarria goierritarrak Petiterekin jokatuko du finala Lara-Loza Errioxako bikotearen aurka.













