Loreak, eta askoz ere gehiago
Igartubeiti baserriaren bueltan dauden landare jangarriak eta sendagarriak identifikatzen ikasteko txangoa egin dute asteburuan. Amaitzeko dastaketa ere egin dute
Igartubeitu baserria naturaz inguraturik dago. Baina ongi begiratzen duenak flora baino gehiago ikusiko du: sendagaiak edo jakiak ere ikusiko ditu. Asteburuan hauek identifikatzen ikasteko txangoa antolatu zuten, landareen sekretua izenarekin. Izan ere, «dena ez da dirudiena», zioen txangoa iragartzen zuen deskribapenak.
Igartubeitiren inguruan dauden zortzi landare ezagutu zituzten, «txango sentsorial eta esperimental» batekin: erramua, intsusa, osina, hiruzta arrosa, erratza, pasmo-belarra, elorri beltza eta plantaina. Guztiek propietate sendatzaileak dituzte: eta jangarriak dira.
Probatzeko aukera ere izan zuten. Bi errezeta egin zituzten, zehazki: oliba patea plantainarekin eta intsusa-freskagarria. Ez dute misterio handirik. 250 gramo oliba bakoitzeko lauzpabost plantaina hosto eta baratxuri ale bat nahastu ur apur batekin. Dena ongi nahastu, eta jan. Egarria arintzeko, litro bat ur eta lehortutako intsusa nahastu eta pare bat orduz atseden hartzen utzi. Limoiak bizigarria ematen dio edariari.
Udan, gehiago
Igartubeiti baserri-museoak kultura, natura eta gastronomia uztartzen dituzten ekintza gehiago antolatu ditu abuzturako. Igartubeiti baserriko erraiak ezagutarazteko bisita tematikoa antolatu dute asteartetik igandera bitartean. Igartubeiti baserria zaharberritzerakoan zorua altxatu eta piezaz pieza desmuntatu zuten, jatorrizko elementu guztiak katalogatzeko. Prozesua kontatuko dute ibilbidean.
Edukiera arazorik ez izateko, aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako, igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatzi behar da edo 943 72 29 78 eta 943 7251 07 telefono zenbakietara, deitu.
Orain arteko bisitek izan duten harrerarekin gustura daude antolatzaileak. Askotariko jendea hurbiltzen ari dela diote. Oporraldian bisitari kopurua handitzea espero dute.