Erreleboa emateko unea
Jose Mari Irastorza usurbildarrak, 20 urtez izan du Ordiziako KHAF harategiaren ardura. Egindakoarekin pozik doa eta lanak asko eman diola esan du. Irailetik aurrera nagusi berriarekin jarraituko du negozioak.
Urte hauetan guztietan egindako lanagatik oso pozik eta aldi berean nostalgiko, bezeroei agur esateko eta orain arteko fideltasunagatik eskerrak emateko egunak izaten ari dira Jose Mari Irastorza, Ordiziako Khaf harategiko nagusiarentzat. Bizitzako kapitulu hori itxi eta berri bat hasteko unea iritsi zaio.
Goizean oso goiz jotzen du Irastorzaren iratzargailuak. Usurbilen bizi da, harategian sartzen den edonork ere susmatu dezake herri horrekin baduela nolabaiteko lotura, argazki eta aldizkari desberdinetako errekorteekin osatu duen aldarea ikusita. Goizero kotxea hartu eta 07:00etarako Ordizian izaten da, Urdaneta kalean duen harategia bezeroentzat ireki aurretik guztia prestatzeko. 08:00etan irekitzen du atea, eta lehen minututik, ez du etenik bezeroen joan etorriak. «Horrela da egunero», esaten du musukoa ipinita, begiradan erakusten duen irribarrearekin. Nabaria da bere lana gustuko duela, maite duela, negozioa kudeatzeak sortzen dizkion ardurez harago.
Baina gehiago ere esaten du bere begiradak. Ez da guztiz erraza ulertzeko. Eta hain juxtu, begirada horrek zer gehiago esan nahi duen konprenditzen saiatu bitartean, guztia hobeto ulertzen laguntzen duena gertatu da; harategian dagoen emakume batengana gerturatuz esan du, «Juani Gonzalez Barreiro da hau, CAF lantegiaren parean dagoen El Paso tabernako arduraduna izan dena. Egunero-egunero ekartzen digu kafe termo bat goiza goxatzeko. Monumentu bat merezi du!».
Hortxe dago gakoetako bat. «Asko eman dut harategiagatik, baina harategiak asko eman dit. Hona lanera iritsi nintzenetik, etxean bezala sentitu naiz, bezeroekin gertu-gertuko harremana izan dut, eta zer esango dizut ba… pena pixka bat ere ematen dit erreleboa pasatzeak».
CAFetik, KHAF-era
Gaztaroko garaiak oroitu ditu Irastorzak; «Zarauzko eskola profesionalean ‘maestro industrial’ ikasketak egin nituen, baina ez ziren industrian lan egiteko garai onak». Soldadutzara joan zen ondoren, Cadizera. Handik bueltan, laster hasiko zen ondoren ofizio izango zuen hartan lanean. Sekula ez zuen pentsatu harakin hasiko zenik: «Zerbaitetan lan egin behar nuela eta hala hasi nintzen!».
Urte batzuk geroago, «Ondo-erosi supermerkatuetako harategietan lanean nenbilela, Beasaingo CAF lantegiko kooperatibako harategian lan egiteko aukera aurkeztu zidaten. Kooperatiban 8 urte egin nituen, hura itxi eta ondoren zabaldu nuen negozioa hemen, KHAF izenarekin, CAF-en egindako urteak oroitu nahian».
Lankide izan duenari ere eskaini nahi izan dizkio hitz batzuk; «Inaxio Esnaola izan dut bidelagun». Esnaolak duela gutxi utzi zuen harategia eta ordutik, bakarrik aritu da Irastorza.
Denda txiki bat hainbeste urtez horrelako martxan irautearen sekretua zein den galdetuta, garbi du Irastorzak: «Jatorra izatea da garrantzitsuena!». Lerro hauekin, dendara gerturatu diren guztiei agur esan, eta elkarrizketa egin bitartean lanean diharduen mutila aurkeztu du. Iban Karasatorre da, Etxarri Aranazkoa, eta berak jarraituko du negozioarekin, irailetik aurrera. «Urte hauetan guztietan egindako lanari jarraipena ematea da helburua» esan du Karasatorrek. «Ganadua dut, nik neuk hazitakoa eta etxeko produktua saltzen ere hasiko naiz». Oraingoari eustea, baina nondik datorren ere ezagutzera eman nahi du arduradun berriak, eta irailetik aurrera, KHAF harategian.