Goierriko Enpresa Ekimen Berrien sariketa bueltan da, 'Eta posible balitz?' lemapean
Sariketa Goierrin kokatuta dauden enpresei zuzendua dago eta proiektuak aurkezteko epea irailaren 30era arte izango da. Hiru kategoriatan banatuko dituzte sariak.
Bueltan da Goierriko Enpresa Ekimen Berrien Sariketa. 2020 urtean, pandemia zela eta, 23. edizioa bertan behera geratu zen, baina aurten momentuko egoerara egokitua bada ere, martxan jarri da Enpresa Ekimen Berrien 24. Sariketa. ‘Eta posible balitz?’ da aurtengo lema.
Sariketa udaberrian egin izan da orain arte, baina, pandemian eraginda aurten udazkenean egingo da. Proiektuak aurkezteko epea ireki da, eta irailaren 30 arte egongo da zabalik. Goierriko Garapen Agentziaren helburu nagusiak ekintzailearen irudia, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea dira.
24. edizioak hiru kategoria izango ditu: Enpresa ekimen berriko proiektuak, Enpresan egindako proiektu berritzaileak, eta Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez.
1. Enpresa ekimen berriko proiektuak
Atal honek urteko proiektu ekintzaile onena saritzen du. Sustatzailearen irudia sustatzea, balio erantsi handiko enpresa berritzaileak sustatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea, eta enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea du helburu lehenengo kategoriak.
2020-2021 urtean zehar, negozio ideia bati buruz bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten sustatzaileei zuzendua dago. Saria, irabazleari eskainiko zaizkion abantaila eta zerbitzuez gain, 6.000 euro + 3.000 eurokoa* izango da (* Beti ere sortu den enpresa kooperatiba izaera juridikoa baldin badauka).
2. Enpresan egindako proiektu berritzaileak
Bigarren kategoriak, Enpresek berritzeko egindako ahaleginak eta euren aldetik aurrera eramaniko ekintzak aintzat hartu, publikoki zabaldu eta saritzea du helburu.
Goierri eskualdeko ETEetan (Enpresa txiki eta ertainak), 2020-2021 urtean zehar, berrikuntza proiektu bat gauzatu duten enpresei zuzendua dago. Saria, irabazleari eskainiko zaizkion abantaila eta zerbitzuez gain, 2.000 eurokoa izango da.
3. Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez
Orain dela bi urte sortu zen kategoria berri honek, urteko gizarte inklusioko enpresa ekimen berri onena saritzen du. Lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada bat ematea, sustatzailearen irudia sustatzea, eskualdean lana eta aberastasuna sortzea eta enpresa berrien garapena eta sorrera sustatzea du helburu kategoria honek.
2020-2021 urtean zehar, negozio ideia bati buruz bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten zailtasun edo eta bazterkeria egoeran dauden pertsonei zuzendua dago eta proiektu onenak jasoko duen saria, enpresa eta enpresa ekimen berrien arloak eskainiko dizkion zerbitzuez gain, 2.000 eurokoa izango da.