«Herrigunetik atera, eta bertatik bertara dugun altxor txiki bat da»
Ordiziako bere txoko kuttunaz galdetuta, Oiangu parkea etorri zaio burura Iñigo Marotias OREko entrenatzaile eta kirol zuzendariari. «Bertatik bertara dugun altxor txiki bat» dela dio, egun pasarako toki aproposa.
Ordiziako herrigunetik gertu dago Oiangu parkea. Iñigo Marotias Ampo Ordizia errugbi taldeko entrenatzailearen toki kuttunenetako bat, Goierrin aski ezaguna den parke hau. Udalerriko hego-ekialdean dago, izen bereko baserriaren inguruan, eta Ordiziako landa aldearen adibide ederra da. Lurraldeko ohiko landaretzak ikusten dira hor eta inguruan: baso mistoa, hariztia, soro bakan batzuk eta belardiak. Baita Altamirako putzua ere, espezie desberdinen bizitoki dena. «Ordizia herrigunetik atera eta bertatik bertara dugun altxor txiki bat da naturgune hau. Deskonektatzeko toki aproposa, lagunekin, familiarekin joateko… Egun pasa egiteko toki zoragarria da».
Belaunaldiz belaunaldi mantendu da Oiangurekin harremana: «Umetan, familian asko joan izan gara; umeak gineneko irudiak berreskuratu, eta beti dago argazki edo bideoren bat, non Oiangu agertzen den. Bertara joateko ohitura handia izan dugu, parkean jolastu, jatetxean afari-merienda egin…».
Gaur egun, ez da nahi beste joaten: «Udan neguan baino gehiago. Txiringitoa-eta zabaltzen dutenean maiz joaten naiz kuadrillakoekin, parrillada egin…».
Paseko lekua mendi aldera joateko
Oiangutik, inguruko mendietako ikuspegi zoragarria dago, eta ikuspegia bakarrik ez, mendia gustuko duten haientzat paseko lekua ere bada Oiangu. «Mendi bizikletan edo oinez, bai Aralar ingurura, bai beste toki batzuetara joateko, bertatik pasatzen naiz sarri».













