«Soroslerik onena ezbeharrak izaten ez dituena da»
Xabier Duhau (1985) ordiziarra Majori Kiroldegiko soroslea da. Urte mordoz aritu da bertan lanean eta orain koordinatzaile lanetan aritzen bada ere, sorosle, monitore edo harrerako langile bezala ere ibiltzen da.
Lehen urte al duzu sorosle moduan? Edo aurrez ere aritua zara?
Ez, ez da nire lehen urtea. Iada urte dexente daramatzat kiroldegian lanean. Nahiz eta azken aldian koordinatzaile lanetan nabilen, sorosle, monitore edo harrerako langile gisa ere ibiltzen naiz, denetik egiten dut.
Eta zer nolako ofizioa da soroslearena? Esperientzia polita al da?
Ofizio polita da, beti ere ezbeharrik jazoten ez denean. Horrelakoetan igerilekuan dagoen pertsona garrantzitsuenak gara eta egoeraren arabera martxan jarri behar den prozedura denbora gutxian zein den erabakitzea egokitzen zaigu. Hala eta guztiz ere, beti esan ohi den moduan, soroslerik onena istripurik izaten ez duena da, eta horretarako aurrez lanak ondo eginda eduki behar dira.
Osasun krisialdiak eragindako egoera honetan jendea igerilekura joaten al da?
Aurten jendea igerilekura gerturatzeko gogo haundiarekin ikusi dugu. Aurreko udan izan genituen neurriak aurten malgutu izanak, jende gehiago jasotzeko aukera eman digu eta horrek jendeari bainu bat ematera etortzeko gogoa ere piztu dio. Uda hasieran egin zituen eguraldi onek jende asko ekarri zuen igerilekura, orain aldiz, azken egunetan dauzkagun eguraldi goibelek jende gutxago gerturatzea eragin dute. Abuztuan gainera, jendea kanpora joaten denez erabiltzaileen kopurua urritu egiten da.
Zein dira igerilekuan bete beharreko osasun neurriak?
Idarrean dauden neurrien arabera, kanpoko igerilekuan 500 pertsonako aforo muga dugu eta txandatan banatuta dago sarrera, goizeko eta arratsaldeko ordutegian. Erreserba sistemarekin lan egiten dugu eta erabiltzaile bakoitzak astean lehentasunez hiru erreserba egiteko aukera du, igerilekua libre dagoenean berriz, nahi dituen oro egin ditzake. Iaz igerileri bakoitzak gehienez hiru orduz igerilekuan egoteko aukera bazuen ere, aurten egun osoa pasa dezake bertan, beti ere 500 pertsonako muga pasatzen ez bada. Gainera, erabiltzaile bakoitzak berari egokitu zaion partzela erabili beharko du eta musukoaren erabilera errespetatu.
Jendea neurri hauetara ohitu dela esango al zenuke? Betetzen al dira neurriak?
Orokorrean baietz esango nuke. Gainera neurri hauek geratzeko etorri direla esango nuke. Edukiera mugak eta aurrez lekua hartu beharra etorkizunean martxan egongo diren neurriak direla iruditzen zaizkit. Izan ere, neurri hauek sorosleoi gure lana hobeto egiten laguntzen digute. Neurriak betetzen diren galdetzen didazu, bada orokorrean baietz esango nuke. Aitzitik, oraindik ere uneren batean sorosleok polizia lanetan ibili beharra izaten dugu neurriak zuzen bete daitezen eta honek gure lana nahi bezain ondoen betetzea zailtzen digu.
Mezuren bat zabaldu nahi zenioke igerilekuko erabiltzailei edo gizarteari orokorrean?
Zain eta errespeta gaitezen elkar lehenbailen bizi dugun egoerari amaiera eman eta normaltasunera itzuli ahal izateko.













