Goiz batez artzain Gaztañaditxulon
Artzaiaren egunerokoa gertutik bizitzeko aukera izan dute Gaztañaditxulo gaztandegian. Artzai-txakurra lanean ikusi, ardiei jana eman eta gaztaren prozesua ezagutu dute bisitariek.
Gaur Gaztañaditxulo gaztandegira gerturatu direnek artzainaren egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Ander Barandiaran artzainak 10 lagunen belarriak erne izan ditu artzaintzaren nondik norakoak entzuten. Jatorri ezberdinetako bisitariak gerturatu dira, Guadalajara, Madril, Valentzia eta Kaliforniatik besteak beste.
Bisitaren lehen zatian artzainak artzaintzaren usadioen eta gaur egungo egoeraren berri eman die. Ardiek negualdia erditze garaitik hasi eta antzutu arte beheko larreetan eta artegietan pasatzen dutela azaldu die. Eguraldi onekin batera, uda garaian Atxurbi mendira eramaten dituzte berriz. Jarraian artzai-txakurra lanean ikusteko aukera izan dute. Artegi gainean zegoen larretik artegira jaitsi dituzte ardiak eta bertan jaten eman die. Ardiak non jezten dituzten ikusi ostean, gazta egiten duten txokora hurbildu dira. Bertan Anderrek gazta egiteko prozesua zein den erakutsi die. Azkenik, etxean egiten dituzten gaztak dastatu dituzte.
Gaztañanditxulo baserriak 150 urte inguru ditu eta beti artzaintzari lotuta egon da. 350 buru inguruko latxa artaldea Ander Barandiaran eta haren amaren gidaritzapean egoten da. 2009. urtean lortu zuten Idiazabal jatorri izendapena. Bisita honetan parte-hartzeko aukera abuztuaren 28an egongo da berriro ere. Aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da 943 18 18 03 / 618 721 473 zenbakietara deituz edota emailez info@idiazabalturismo.com helbidera idatziz. Pertsonako prezioa 12 euro dira eta 6-12 urte bitarteko haurrena 6 euro.