«Txikitan bizikleta hartu eta egunero joaten nintzen etxerako ura ekartzera»
Erronkazalea da Juan Carlos Diez 'Soto' ormaiztegiarra. Intxaurrak ipurdiarekin puskatuz egin zen ezaguna, eta munduko bazter askotan ibilia da erakustaldiak eginez. Herrian bertan, ordea, Iraiko iturria du txoko kuttuna. Hango burdindun urak ematen dio indarra.
Herriko bere leku kuttunagatik galdetuta, ez du zalantza handirik izan Juan Carlos Diez Soto ormaiztegiarrak. Berehala etorri zaio burura Iraiko (Iraegiko) iturria, ume-umetatik, bere bizimoduan oso presente egon den tokia baita. Zentral elektrikoaren ondoko etxeetan jaio eta hazi zen Soto, eta iturrira etxerako ura ekartzera joaten zen egunero. «Bizikleta hartu eta atzeko bidetik etortzen nintzen, pitxar edo garrafa handi batekin. Egunero egiten nuen ibilbide hori».
Orduko bideak eta oraingoak, ez dute zerikusirik. Zentraletik Ugarte baserrira arteko bidea itxita dago orain. Eta handik iturrira artekoa, erabat aldatuta. «Orain paseo lekua da hau, baina orduan sasiz betetako bidetxur bat zen, eta bizikletarekin etortzeko nahikoa komeria izaten nituen; kolperen bat edo beste ere hartu izan dut hemen».
Uraren burdinak emandako indarra
Iraiko iturriak burdin askoko ura dakarrela esan ohi da, eta askoren ustez, propietate onak ditu. Horregatik izan dute ormaiztegiar askok urtetan iturrira joan eta hango ura etxera eramateko ohitura. Denborarekin galtzen joan da, baina paseoan dabiltzan gehienak gelditzen dira tragoxka bat hartzeko.
Ur horrek emandako indarragatik-edo, intxaurrak ipurdiarekin txikituz egin da ezaguna Soto. Abilidade horrek, mundu osoan barrena bidaiatzeko aukera eman dio. Duela gutxi, Zagreben (Kroazia) eta Bratislavan (Eslovakia) izan da, Got Talent telebista saioan parte hartu eta erakustaldiak egiten.