"Betidanik gustatu izan zait txirrindularitza"
Xabier Berasategi olaberritarra Laboral Kutxako txirrindularia da. Txikitatik izan du txirrindularitzarekiko txirrintxa. Denboraldi oparoa egiten ari da eta etorkizunak ere itxura bera du gaztearentzat.
Aurtengo txirrindularitzako lasterketen egutegia pandemiak baldintzatuta antolatu den arren, zuhurtziaz frogak egiten ari dira eta horietan parte hartzeko aukera izan du Xabier Berasategik. 21 urteko olaberritarra Laboral kutxako txirrindularia da eta datorren larunbatean Zegaman lehiatuko den XXXVIII. San Bartolome sarian parte hartuko du.
-
Noiz hasi zinen eta nondik datorkizu txirrindularitzarako zaletasuna?
Hasieran atletismoan eta futbolean ibili nintzen, baina betidanik gustatu izan zait txirrindularitza. Lehengusua ordurako txirrinduan ibiltzen zen eta inbidia handia ematen zidan. Horrela, kadete mailan hasteko aukera izan nuen.
-
Gustuko duzun lasterketa bat esaten jakingo al zenuke?
Jubenil mailan Gipuzkoako Itzulia nuen gustukoen, Olaberritik igarotzen zen eta herrian izate horrek xarma berezia zuen. Aurten, 23 urtez azpiko mailan lehiatzen den lasterketa garrantzitsuenetakoan parte hartzeko aukera izan dut, Girinoan. Eta orain arte esango nuke hori dela lastertu dudan politena. Gainontzean, Euskal Herrian ditugun lasterketak ere gustuko ditut.
-
Eta oroitzapen onak ekartzen dizkizun garaipenik?
Iaz irabazi nuen Kantabriako Itzulia da oroitzapen onenak ekartzen dizkidan garaipena.
-
Zer motatako txirrindularia zarela esango zenuke?
Ondo moldatzen naiz talde txikietako esprintetan, nahiko txirindulari leherkorra naiz. Baina zerbait esatekotan eskalatzailea naizela esango nuke.
-
Txirrindularitza kirol gogor eta disziplina handikoa da, zein da zure egunerokoa?
Egia esan txirrindularitzak eguneko ordu asko hartzen dizkit. Lasterketak ditudanean egunero entrenatzen dut eta bizikleta gainean ez nabilenean deskantsuan egoten naiz. Bolumen fasean nagoenean egunean 4-5 orduko entrenamenduak egiten ditut; lasterketa bezperan, berriz, lasaiagoak. Beti egiten da tartea planen bat egiteko, baina nire egunerokoa hori izaten da normalean.
-
Zeintzuk dira zure ustez txirrindularitzaren alde on eta txarrak?
Alde onei dagokionean, leku asko ezagutzeko aukera ematen duela esango nuke. Txirrindularitzan hasi nintzenetik Euskal Herri osoan lasterketak izan ditut eta herri txiki mordoa ezagutzeko aukera eman dit. Alde txarra oso sakrifikatua dela agian, denbora asko kentzen du.
-
Zer moduz doa denboraldia?
Ondo, gustora nago. Denboraldi hasieran abiatzea kostatu zitzaidan baina behin erritmoa hartuta pare bat garaipen lortzea lortu nuen. Orain ea denboraldiari amaiera txukuna ematen diogun. Irailaren bukaeran amaitzen dugu denboraldia, 10 bat karrera inguru geratzen zaizkigu oraindik.
- Eta etorkizunean, zer asmo duzu?
Helburua profesional mailara salto egitea da. Helburua edo ametsa, oraindik horretarako lanean nabil. Ea iristen den.