«Eliz ataritik dauden bistak paregabeak dira, bailara osoa ikusten da»
Duela ia 30 urte etorri zen Jone Urain artisaua Mendarotik Itsasora, Maite Salutregirekin batera, Pott Zeramika proiektua martxan jartzera. San Bartolome elizako ataria du herriko txoko kuttuna. Eliza bera «ezagutu beharrekoa» dela dio, eta bertatik dagoen ikuspegia, «paregabea».
Itsasoko herri kaskoa menderatzen duen San Bartolome elizako ataria berezia da Jone Urainentzat (Mendaro, 1967). Maite Salutregirekin batera sortutako Pott Keramikak bertan egin zuen herriaren aurreko aurkezpen erakusketa 1992an, Itsasora iritsi zirenean. Pott Keramikak Itsason jarraitzen du, Jonek bezala sustraiak sakon sartuta.
San Bartolome eliza balio artistiko eta arkitektoniko handikoa da, hainbat arte estilo elkartzen dira bertan. Elementurik zaharrena 1300. urteko sarrerako atea da, lehen gotikokoa. Horrez gain, erretaula errenazentista, barne arkitektura eta sakristia barrokoak, margolan inpresionistak… biltzen ditu, eta kanpandorreko erlojua. «Eliza osoa da ezagutu beharrekoa».
Ekintzetarako aterpea
Urainen txokorik kuttunena eliz ataria da, hainbat arrazoi tarteko. Horietako bat, arkupe gotikoak dira, «ikusgarriak dira!».
Baina beste arrazoi batzuk ere badaude eliz atari hori «toki zoragarri bat» egiten dutenak: «Aterpe ezin ederragoa ematen digu herritarroi ekintza, ospakizun, pilota txapelketa, zine emanaldi, kontzertu, bertso saio edo erakusketak egiteko», azaldu du. Handia filmaren grabazio zati bat ere bertan egin zela gogoratu du.
«Haurrekin euri egunetan jolasteko» askotan erabili izan duela dio, beste herritar askok bezala. Horrez gain, «balkoi ederra du, eta hortik dauden bistak paregabeak dira, bailara osoa ikusten da».