Martzelo Lasaren omenezko oroigarria jarriko dute Lizarrustin
Olaberriarra erahil eta lurperatu zuten lekuan jarriko dute oroigarria. Eguerdiko 12:00etan emango diote hasiera ekitaldiari.
Datorren asteazkenean, abuztuak 25, Martzelo Lasaren omenezko oroigarria jarriko dute familiartekoek. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan izango da Lizarrustin. Oroigarria Martzelo fusilatu eta lurperatu zuten tokian jarriko dute.
1936ko abuztuaren 25ean Martzelo Lasa Zeberio erahila izan zen, 17 urte zituela Lizarrustiko 47. Kilometroan. Olaberriako Bengoetxe Garakoa baserrian bizi zen eta Francoren ideien aurka zegoela ez zuen ezkutatzen. Gerra piztu zenean Udaletxeko ganbaran zegoen Batzokian atxilotu zuten. Baina Etxegaraten fusilatu behar zuten unean petriletik bere burua bota eta ihes egitea lortu zuen. Idiazabalgo baserri batean egon zen ezkutatuta lehenengo, eta ondoren etxera itzuli zen. 24etik 25erako gauen bizilagun batek etxean zegolea salatu zuen eta reketeak bertara gerturatu ziren. Ezkutatzen saiatu zen arren, ganbarako belar pila batean harrapatu eta Lizarrustira eraman zuten. Han, abuztuaren 25eko arratsaldeko bostak aldera, Etxarriko eremuko Lizarrusti gaineko 47. Kilometroan tiroz hil zuten.