«Askotan joaten naiz Atxurtzara. Igo, tragoa jo eta eserita egon»
Aizkoran eta apustu munduan egin zen ezagun Joxe Ugarteburu ezkiotarra. Lehia utzi zuen, baina sasoian mantentzen da oraindik; Atxurtzara joateko ohitura du, hura baitu herriko txoko kuttunetakoa, baita bidean dagoen Santa Marina ermita ere.
Joxe Ugarteburu primerako aizkolaria izan zen, eta oraindik ere aizkorarekin aritzea gustatzen zaio. Bigarren mailako txapelketa bi aldiz irabazi zuen eta hiru aldiz hirugarren izan zen lehen mailakoan. Hamar apustu jokatu zituen. Horietatik zazpi irabazi egin zituen. Gainera, aizkolari euskaldunek Australiara egindako lehen bidaian parte hartu zuen, Arria II.a eta Mindegiarekin. Aizkolari txikien artean (80 kilo baino gutxiago pisatzen zuen), onena izan zen.
Ezkioko bere txoko kuttuna Atxurtza da. «Gaztetan makina bat aldiz joaten nintzen, lagun batekin, artzain baten ardiengana. Egun ere askotan joaten naiz. Etxetik irten, Atxurtzara igo, iturrian tragoa jo eta eserita egon». Izan ere, Atxurtza oso toki lasaia eta ederra da. Izazpi mendiaren magalean dago eta alde batetik Kizkitzara joan daiteke eta bestetik Zumarragara.
Santa Marina
Atxurtza ez da Ugartebururen txoko kuttun bakarra. Atxurtzara bidean dagoen Santa Marina ermitan ere makina bat ordu eman ditu. Ermita hau herrigunetik oso gertu dago, hilerriaren ondoan. «Egurra beti han eduki dudanez, makina bat saio egin dut bertan. Atzealdean berdindutako toki bat dago eta askotan entrenatu dut bertan: Arriarekin, Mendizabalekin, Mindegiarekin…».
Hemen ere bistak zoragarriak dira eta ez dira mahaiak, eserlekuak eta iturria falta. Iturriak Iñaki Idiakez Korta zenari eskainitako oroigarria dago.