«Antioko ermita oso berezia da eta ingurua paseatzeko aproposa da»
Telebista platoetan suelto mugitzen da Jon Balentziaga kazetari zumarragarra, baina herrira bueltan, Antio du bere txoko kuttuna. «Umetan gurasoekin joaten nintzen. Hara joateko joera genuen eta joera hori mantendu dut»
Jon Balentziaga kazetari zumarragarrak Euskadi Irratian lan egin zuen eta azken urteak ETBn eman ditu. Albistegietako kirol arduraduna da, eta Realak eta Athleticek jokatu zuten Kopa finaleko esataria izan zen. Erlaxatu nahi duenean, beste zumarragar asko bezala, Antiora joaten da.
Antio zumarragar gehienen toki kuttuna da. «Umetan gurasoekin joaten nintzen. Hara joateko joera genuen eta joera hori mantendu dut. Pandemia dela eta ez dela, herritik ateratzerik izan ez dugunez, gehienetan Antio eta Beloki aldera joan naiz. Igandeetan familiarekin joateko ohitura dut, baina bakarrik ere joaten naiz. Mendian bakarrik ibiltzeak hausnartzeko balio du», aipatu du Zumarragako kazetariak.
Ezpata dantzan txistua jotakoa
Antiok naturaz gozatzeko aukera ematen du, baina baita parranda egiteko aukera ere. «Uztailaren 2a oso egun berezia da zumarragarrontzat. Txistularia izan nintzen eta behin baino gehiagotan jo nuen Antioko ezpata-dantzan. Lagunekin parranda bikainak ere egin nituen».
Kanpotarrei Antio ezagutzea gomendatzen die. «Ermita oso berezia da. Gainera, ingurua paseatzeko aproposa da. Antio Zumarragako ikur nagusia da. Beste toki interesgarri batzuk ere badaude (Euskadi plaza, Legazpi dorretxea…), baina Antio beste maila batean dago. Bilbon lan egiten dut eta lankide askok esan didate Antio ezagutzen dutela eta asko gustatzen zaiela».