Martiamuno Landetxea, natura eta deskantsua
Zumarragako Agina auzoan dagoen baserri honek hiru logela eta etxebizitza bat ditu. Berdez inguratutako paraje honetara estatu mailako bisitariak gerturatu dira batik bat aurtengo udan. Euskal hiriburuetatik gertu egoteak erakargarri egiten du Euskal Herria ezagutu nahi dutenentzat.
Martiamuno Landetxea Zumarragako Agina auzoan kokatuta dago. Baserria XXVII. mendekoa da eta eraikinaren erdian Edurne Astigarraga jabea bizi da. Beste erdian, berriz, hiru logela eta etxebizitza bat ditu. Landetxea eraberritu egin zuten eta bertan zeuden egur eta harri guztiak aprobetxatu zituzten, lehengo itxura mantendu nahian.
Esan bezala, landetxeak hiru logela eta apartamentu bat ditu. Logelek ohe handi bana dituzte eta eskaerapean haurrentzako seaska zein ohe txiki bat jartzeko aukera dago. Gainera, partekatutako sukalde bat hartzeko aukera ere ematen dute. Apartamentua lau pertsonentzako egokituta dago eta bi solairutan banatzen da. Gosariak ematen dituzte eta lorategian erretokia ere badute.
Landetxeko ateak Covid-19a gurera heldu zenean ireki zituzten eta ondorioz urte zail eta arraroa izan dute Martiamunon. Diru laguntzak jasotzeko zailtasun handiak izan dituzte, izan ere, hauek jaso ahal izateko urte betez lanean aritzea eskatzen baitzuten baldintza bezala. Aurtengo udan aldiz, ondo ari dira lanean. Uztaila eta abuztuan etxea beteta izan dute eta irailaren lehenengo astea ere bide horretatik doa.
Hala eta guztiz ere, atzerritar gutxi jaso dituzte; belgikarrak eta alemaniarrak izan dira gutxi horiek. Estatu mailatik katalanak, andaluziarrak eta madrildarrak etorri zaizkie. Euskaldunei dagokienean, udan gutxi izan badituzte ere, urtean zehar asko hurbildu dira landetxera. Edurnek azaldu duenez gabonak, aste santuak edo neguko asteburuak aukeratu dituzte inguratzeko.
Bisitariek 3 egunetik 7 egunerako egonaldiak egiten dituzte normalean, baina badira pasadizoan gau bat egiten dutenak ere. Zumarraga euskal hiriburu guztietatik gertu geratzen da eta Euskal Herria ezagutzera datozen bezeroak gerturatzen zaizkie batik bat. Euskaldunek ordea, medi buelta bat eman eta erlaxatzeko erabiltzen omen dute landetxea.