«Amonaren etxea plazatik oso gertu dago eta umetan bertan jolasten genuen»
"Iturri zaharretik ur berria" dio esaera batek, eta Amaia Iturriotz bertsolari urretxuarrak Iparragirre plazako iturrian bilatzen du emaria. Hura du herriko txoko kuttuna, «umetako garaia» gogorarazten baitio.
Amaia Iturriotz bertsolari urretxuarrak Medikuntza ikasi zuen eta Legazpiko anbulatorioan eta Zumarragako ospitalean lan egiten du. Familiako mediku espezialitatea egiten ari da, baina azken asteotan Cadizen da, bertako ospitaleko larrialdien sailean nola lan egiten duten ikasten. Cadiz toki bikaina da, baina Urretxuko Iparragirre plazako iturria baino iturri hoberik ez du aurkitu.
Hori da, hain zuzen ere, bere jaioterriko txoko kuttuna. Izan ere, Iparragirre plaza oso toki berezia da Urretxuko bertsolariarentzat. «Plazako iturriak umetako garaia gogorazten dit. Amonaren etxea bertatik oso gertu dago eta denbora dezente pasatzen genuen Iparragirre plazan jolasten. Iturriaren oso oroitzapen onak ditut eta plazatik pasatzen naizen bakoitzean bertako iturriko ura edaten dut», azaldu du.
Gainera, bertso eskolako kideak Aizpurunea kultur etxean elkartzen dira eta iturria ondoan dago. «Iturria bertso eskolarekin ere lotzen dut. Haurtzaroaren amaieran, bertso eskolako kideok kultur etxean denbora asko pasa genuen. Oso garai politak izan ziren. Bertso eskolan talde ederra osatu genuen», aipatu du.
Plazako iturria ere eder askoa da. Urretxuko plazako lehen iturria 1763an egin zuten. Egungo iturri dotorea 1995ekoa da, plaza berritu zenekoa. Iturriak frontoi bat, kanila bat eta herriko armarria ditu. Kanila animalia mitologiko bat da. Urretxukoak ahotik botatzen du ura.