"Gurera etortzen direnei oso eskertuta gaude"
Zeraingo Mandio tabernaren eta sukaldearen gidaria da Maria Luisa Aizpeolea. Orain bi urte hasi zen bertan lanean, bi alabekin batera. "Etxeko-etxeko jana" eskaintzen dute eta goierritarrak ohartu dira hortaz.
Aita zeraindarra zuen Maria Luisa Aizpeolea idiazabaldarrak hartu zuen duela bi urte Mandioko tabernaren eta sukaldearen ardura. Aizpeoleak esperientzia handia du sukaldean eta Katalina Goia sukaldari zenaren jarraitzailea da.
Zerk bultzatu zintuen Mandio taberna hartzera?
Betidanik izan dut jatetxe bat irekitzeko nahia eta Mandio ustiatzeko aukera zegoela ikusi nuenean nire aukera zela pentsatu nuen. Aurrez sukaldari bezala lan egindakoa naiz, Donostiako alde zaharreko jatetxe batean. Bertan jaki klasikoak sukaldatzen ikasteko aukera izan nuen, betiko otordu goxoak egiten alegia. Hor ikasi nuena saiatzen naiz orain gurean ezartzen. Orain dela bi urte hasi ginen lanean eta ordudanik famili giroan jardunean ibili gara; alabek, ahizpak, koinatuak eta ilobek asko lagundu didate.
Zer motatako otorduak eskaintzen dituzue?
Eguerditan eguneko menua ematen dugu eta plater konbinatuak, ogitartekoak, entsaladak eta anoak ere eskaintzen ditugu. Sukaldatzeko erabiltzen ditugun elikagaiak bertakoak eta ekologikoak dira, inguruko ekoizleei erositakoak. Barazkiak esate baterako, alabaren bikoteari hartzen dizkiogu, honek barazki ekologikoen produkzioa dauka eta etxez-etxeko zerbitzua ere ematen du. Gazta berriz, Zeraingo gaztandegi batetik erosten dugu.
Zein dira arrakasta handiena duten platerak?
Gehien ematen ditugunak plater konbinatuak dira eta horien artean izarrak etxean egindako san jakobo eta haragi-bolak dituztenak. Neuk ere aukeratzekotan horiek aukeratuko nituzke. Postreak ere gustukoak dira, etxean egiten ditugu guztiak eta hauetan izarra arrozesnea da.
Iazko urtea gogorra izan zen ostalaritzarentzat, aurtengo uda zer moduz doa?
Pandemiak gogor eragin zigun iaz. Ekonomikoki, dirulaguntzak jaso bagenituen ere, une goibelak igaro genituen. Baina deskantsatzeko ere balio izandu zigun geldialdiak. Aurten aldiz oso ondo ari gara lanean, abuztua izugarria izaten ari da. Estatu mailako bisitariak jasotzen ari gara, baita atzerritarrak ere. Ingelesak, alemanak eta frantsesak etorri dira batik bat. Bertako jende ugari inguratu da baita ere.
Mandio tabernaren bereizgarria zein dela uste duzu?
Nik uste etxeko jana prestatzen dugulako egin garela ezagun. Sutan geldi-geldi egiten diren otorduak ematen ditugu, gozatutakoak eta jendeak hori asko estimatzen du. Eta gu ere gurera etortzen direnei oso eskertuta gaude. Gurekin oso ondo ari dira portatzen eta gure esker ona helarazi nahi nieke.