«Txikitan ez ginen Kale Zaharretik gehiegi ateratzen»
Legazpiko Kale Zaharra leku berezia da Iker Azpeitia txistulariarentzat. Herriaren erdi-erdian kokatuta dagoelako eta izaera berezia duelako batetik. Baina batez ere, txikitako oroitzapen asko dakarzkiolako.
Nafarroa kalea txoko kuttuna da Iker Azpeitia txistulariarentzat. Han jaio zen 1980 urtean, eta duela gutxira arte bertan bizi izan da. Herriaren erdi-erdian kokatuta, izaera berezia duen kalea da.
Herriko lehen kalea izan zen, XVIII. mendean sortua. Izenik gabe lehenik, Santa Maria jarri zioten XIX. mendean, baina XX. mendeko 30eko hamarkadan gaurko Kale Nagusia eraikitzearekin batera, Kale Zaharra deitzen hasi ziren herritarrak. Nafarroa kalea, 1936ko gerran bertatik igaro ziren erreketei zor die izena. Zutik daude oraindik jatorrizko etxe gutxi batzuk, baina 2014.urtean guztiz eraberritu zuten kalea. Ordutik, gainera, festak ospatzen dira bertan, uztailaren 26ko astean.
Txikitako oroitzapenak
«Txikitan ez ginen hortik gehiegi ateratzen» dio Azpeitiak. Hainbat oroitzapen ditu: «Auzoko lagunekin egiten genituen jolasak, Ibai-Ondotik Ontto-Beltzera jokatzen genituen futbol partidak, bizikletarekin antolatzen genuen tourra, udako gauak…». Gaur desagertuta dauden hainbat denda ere ez ditu ahaztu: «Nikasioren harategia, denetik saltzen zuen Bolinaga, Gasparren liburudenda, Isidra burdindegia, Txomin Zubeldia, Alejandraren elektrizitate denda, Basabe eta nola ez, Patxi tabernako haragi egosi eta txanpiak». Patxi itxi zuten, baina oraindik irekita dagoen Karibe Zaharrean «hainbat parranda bukatu ditugu… eta bukatuko ditugunak!». Lehen Gaztetxea ere etxetik gertu zegoen, eta hango musikak «lo hartzen laguntzen» ziola gogoan du.