Nicolas Alustiza izan da nagusi Beasainen
Nicolas Alustiza gipuzkoarrak irabazi du lasterketa, baita mendiko saria ere. Aimar Tadeok lortu du bigarren saria eta hirugarren postuan heldu da Ibai Azanza.
Gaur lehiatu da XL. Beasain Proba. Goizeko 10:30etan ekin diote txirrindulariek 115.2km-ko ibilbideari. Lierni, Altzo eta Olaberriko gainei aurre egin beharra izan diote juniorrek mundialaren aurreko Gipuzkoako Klasikan.
Bellota taldeko Nicolas Alustiza gipuzkoarrak lortu du garaipena, 2:47:07 denborarekin. Bigarren eta hirugarren postuak Sakana Group taldeko Aimar Tadeo eta Beola Motor taldeko Ibai Azanzak lortu dituzte, hurrenez hurren. Mendiko saria ere Nicolas Alustizarentzan izan da, 16 punturekin.
Azkenik, taldekako sailkapen nagusian lehen sailkatua Sakana Group izan da, atzetik 11 segundora Ampo Ikolan Sports eta hogeita bost segundora Iridoi-Alimco zituelarik.