Goienizek eta Butaka21ek K Sariak banatuko dituzte
Goieniz eta Butak21 zineklubek K Sariak lehiaketako epaimahia osatuko dute. Gipuzkoako zine jaialdietan eskainitako filmen kalitatea, originaltasuna eta konpromiso soziala neurtuko dituzte
Beasaingo Goiniz eta Urretxu eta Zumarragako Butak21 zineklubek K Sariak lehiaketako epaimahia osatuko dute. Zinetogram (Azkoitia) eta Kresala (Donostia) zineklubetako ordezkariak ere bertan izango dira. Lehiaketak Gipuzkoan antolatutako jaialdietan eskainitako filmik onenak sarituko ditu. Oraingoz bost jaialdi hartuko dituzte kontuan: Animadeba, Tolosako Zeinu Hizkuntzetako Zine Jaialdia, Donosskino, Zinetika eta Amua Musika Zinema Dokumentalaren jaialdia. Bakar bat ere ez da goierritarra, baina deialdia zabalik dago. Kalitatea, originaltasuna eta konpromiso soziala neurtuko dituzte.
K Sariak atzo aurkeztu zituzten, Donostian, Kutxa Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babestutako Kutxa Kultur Gauak programaren barruan. Lehen edizioa izango da. Egitasmoa 2019an hasi zen gauzatzen ordea, Euskal Herriko Zinekluben lehen Topaketan. Bertan, zineklubetako ordezkariek elkarlanerako bideak bilatzeko eta babes-sare sendoa garatzeko konpromisoa hartu zuten. Zinekluben Nazioarteko Federazioaren On Kixote sariak eredutzat hartuta, K hizkia daramaten garaikurrak sortu dituzte.