Olatuak behera egin du udan
Intzidentzia metatuak behera egin du abuztuan egunez egun; Goierri eremu horian dago. Santikutz egoitzan bederatzi positibo izan dira. Abuztuan hiru hildako izan dira
622 positibo atzeman dira abuztuan Goierrin. Ia laukoiztu egin da kopurua iazko abuztuarekin alderatuta: pasa den urtean, egunik txarrenean 21 kasu baieztatu ziren. Lau egunetan ez zen kasu bakar bat ere egon; aurtengoan egunero izan dira gutxienez sei kasu. Hilabete hasiera 50 positibotik gorako egunak ere izan ziren. Araman izan ezik, Goierriko herri guztietan izan da positiboren bat, gutxienez.
Iazko eta aurtengo joerak oso ezberdinak ziren. Iazko uztaila are lasaiagoa izan zen, baina aurtengoan pandemia harrotuta zebilen. Enegarren olatua gainditu berritan hasi zen abuztua, eta intzidentziak beheraka jarraitu du hilabete guztian zehar. 300 gaixo baino gutxiago daude 100.000 goierritarreko, duela hilabete baino hiru aldiz gutxiago. Eskualdea eremu horian dago.
Iñigo Urkullu lehendakariak ez erlaxatzeko eskaria egin zien atzo herritarrei. «Jendea hiltzen duen birus mutante eta kriminal baten aurrean gaude», ohartarazi zuen. Baikor agertu zen, ordea: «Laster neurriak lasaitzeko helburuak lortzea espero dut», esan zuen. Helburua 100.000 biztanleko 60 kasutik behera egotea dela gogoratu zuen, beste behin.
Hiru hildako
Hiru goierritar hil dira COVID-19arekin abuztuko lehen hiru asteetan. Ekaina eta uztaila artean hilabete baino gehiago igaro zen hildakorik gabe, baina ospitaleetako presioak gora egin zuenean heriotzak itzuli ziren. 146 lagun hil dira eskualdean birusak erasanda. Osasun Sailak Zumarragako ospitalearen datu zehatzik eskaintzen ez duen arren, erietxeetako presioa txikitzen ari da azken egunetan orokorrean.
Eskualdeko adinekoen egoitzetan ere atzeman dira positiboak azken hilabetean. Legazpiko Santikutz egoitzan bederatzi kasu agertu dira denera. Lauk jada sendagiria jaso dute azken egunetan. Bost kasu aktibo daude, beraz. Beraien egoera ez da larria, orokorrean.
Hiru hilabete ziren Goierriko zaharren egoitzetan kasurik atzematen ez zela.
Edukierak handiagoak dira, gaurtik aurrera
Gizarte, kirol eta kultur jardueretan edukiera %60koa da gaurtik aurrera, orokorrean. Ostalaritzan, esaterako, lokalen barnealdean %50ekoa da; mahaietan zortzinaka ere eseri daiteke orain.
Usurbe Antzokia kide den EZAE elkarteak edukierak handitzea «lasaitua» dela esan du. Baina edukierak «ahalik eta azkarren» hiru laurdenetara handitzea eskatu dute, «zine aretoen jarraikortasuna bermatzeko». Ostalarientzat ere aldaketa ez da nahi bestekoa.