Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako EAJk ArcelorMittalen erosketa txalotu dute
Eusko Jaurlaritzak ArcelorMittalen Zumarragako lantegia eta SFPren Legazpiko lantegia erosi behar ditu eta Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko EAJk erosketa horiei “erabateko babesa” azaldu die. Horra hor EAJk plazaratu duen idatzia.
“Sprilurrek ArcelorMittalen Zumarragako instalazioa eta SFPren Legazpiko eremua erostea erabaki du. Aurrez egin dituen erosketekin batera, Sidenor eta Sarralde enpresenak, alegia, industria azalera handi bat birsortzea erraztuko du. Horri esker, etorkizunean jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko gune berri bat izango da; beste urrats bat da industria berriz ere eskualdera erakartzeko.
Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko EAJk Eusko Jaurlaritzaren eta Arcelor Mittalen artean egiten ari ziren elkarrizketak eta negoziazioak babestu, lagundu eta bultzatu dituzte aspalditik, beti ere, diskrezioz eta errealismoz.
2016an ArcelorMittalen instalazioak itxi ziren eta kolpe latza izan zen itxiera hori eskualdearentzat. Guztira 150.000 m2 baino gehiago dira, zalantzarik gabe, tratamendu berezia beharko dutenak. Horrek bereziki konplexua egiten du eragiketa eta, hain zuzen, horregatik pozten gaitu horrenbeste lortutako akordioak; Eusko Jaurlaritzak eta ArcelorMittalek instalazio horiek berroneratzeko egin duten apustuak.
Jakin badakigu prozesua hasi besterik ez dela egin, eta esparru hori kudeatzea ez dela erraza izango. Denbora beharko da instalazio horietan jarduera ekonomiko berriak hartu ahal izateko. Alabaina, guk beti defendatu dugu –eta horren alde lan egin dugu- horrelako espazioen berroneratzea lidergo publikotik egin beharreko zerbait zela, eta, zalantzarik gabe, proiektuen garrantzia ikusita, Eusko Jaurlaritza zen erakunde egokiena.
Legazpik, Urretxuk eta Zumarragak berreskuratu beharreko industria gune bat baino gehiago zituzten. Pairatutako krisi ekonomikoek 350.000 m2 industria hondakin sortu dituzte azken urteotan, hau da, eskualdeko industria lurzoru guztiaren %20. Ez hori bakarrik, eskualdeko udalerrien degradazioa edo irudi degradatua ere ekarri du.
Arcelor Mittalen itxiera izan zen 2017an Urola Garaiko Lehiakortasun Estrategia egitea ekarri zuena, zazpi ardatz estrategikorekin. Ardatz horietako bat dagoen industria-lurzorua berreskuratzea, mantentzea eta optimizatzea izan zen, gure eskualdean industria lurzoruaren eskuragarritasuna bermatzeko.
Urola Garaiko Mankomunitateko lehendakaritza izatea zegokigun garaian, eta erantzukizun horretatik, EAJk estrategia hori onartzea eta abian jartzea bultzatu zuen, eta Arantxa Tapiak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapen sailarekin lanean hasi zen, lurzoru horiek Eusko Jaurlaritzaren planetan txertatzeko eta Sprilur sozietate publikoak eros zitzan.
EAJk industriaren alde egin duen apustua egiazkoa, argia eta konstantea izan da. Lan horren ondorioz, Sprilurrek Urretxuko Sarralderen instalazio zaharrak (10.000 m²) erosi zituen 2020an, Sidenor zena (90.000 m2) Legazpin 2018an, eta SFP erosteko konpromisoa hartu zuen 2021ean, herri berean, eta Arcelorr (150.0000 m2) 2021ean, Zumarragan.
Horri esker, industria lurzoruaren ondare publikoa izango dugu, enpresa sarearen lehiakortasuna hobetuko duena eta kalitatezko enplegua sortuko duena; hori izango da, hain justu, hurrengo erronka.
Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko EAJk beharrezkoa den lankidetza ematen jarraituko dugu dagokigun erakundeetatik eta bertan dugun roletik (gobernua Legazpin eta Urretxun, oposizioa Zumarragan). Jakin badakigu horietako bakoitzean zer eginkizun bete dezakegun datozen urteetan Legazpin, Urretxun eta Zumarragan jarduera ekonomiko berriak ezar daitezen; aberastasuna sortzeaz gain lurzoru industriala birsortzeko. Ezin dugu ahantzi aipatutako eremu guztien ingurumen hobekuntza integrala bultzatu behar dela, eta, halaber, bere garaian Urola ibaiaren ibilgua okupatu zuten espazioak berreskuratu behar direla.
Azken batean, Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko EAJk lanean jarraituko dugu eremu horiek guztiak berroneratzeko eta horietan kalitatezko enplegua sortzen duten eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren jarduerak ezar daitezen”.