Kalbarioko ate berria
Goiko Kalbarioko ermitako atea konpontzen ari dira Angel Gomez eta Andoni Gomez aita-semeak. Azken lanak falta dira: herdoila kendu diote eta margotu egingo dute ondoren
Idiazabalgo hilerri zaharreko Goiko Kalbarioko ermitak itxura berritua izango du laster. Andoni Gomez eta Angel Gomez aita-semeak atea konpontzen ari dira egunotan borondate propioz. Gaur egun ez da elizkizunik egiten ermita barruan, baina Andonik azaldu duenez, herritar batzuek txanponak botatzen dituzte debozio modura, haien miresmena azaleratzeko. Herdoildutakoa kendu eta margotu egingo dute.
Dagoeneko lixatu, herdoila kendu eta minioa eman diote ateari, eta azkeneko kapa falta zaio. Beltzez margotuko dute. Bi urte inguru daramatza Andonik Goiko Kalbarioko ermitako lanetaz arduratzen: «Beti egon da zainduta gutxi gorabehera, baina azken urteetan utzixeago zegoen». Ermita garbitu, txukundu eta loreak jartzen ditu, eta atea berritzea erabaki du oraingoan. «Beti gogoan neukan zerbait zen, egiteko asmotan, eta denbora hartuz eta aitari laguntza eskatuz biok aurrera eraman dugun zerbait da».
Herritarren ekarpena
Kanpoaldean erramu eguneko eskaintza egin izan dute, bedeinkapeneko prozesioa ermitatik irtenda, eta garai batean ermitan bertan mezak ematen baziren ere, gaur egun ez da elizkizunik izaten barruan. «Nik neronek ez dut ezagutu mezarik ermitan, eta lasai asko izango dira 100 urte inguru ez dela egiten». Kandelak, baina, beti piztuta izaten dituzte eta herritarrek dirua botatzen dute: «Atea itxita dago, baina limosna emateko ohitura dago; han bertan jasotako diruarekin kandelak piztu eta bertan jartzen dira».
Ospakizunik gabe bada ere, benerazioa erakusten dute zenbaitzuk haien ekarpenekin.













