Turismoak "gorakada" izan du Goierri behean
Goitur Goierriko Turismo agentziak udako oporraldiko turismo datuak aurkeztu ditu. Iazkoen aldean "oso-oso onak" izan direla nabarmendu dute.
Koronabirusaren osasun larrialdia hasi zenetik bigarren udako oporraldia izan da aurtengoa. 2020ko udako oporraldiaren ondoren, bisitariei eta alojamenduei dagokienez, azken urteotako daturik baxuena eman zen. Iazkoaren ondoren, aurtengo uda hasieran, uztaila inguruan bazegoen beldurra; baina iazko bisitarien kopurua hobetzea zaila izango zela uste bazen ere, Goitur Goierriko Turismo Agentziak aurkeztu dituen datuen arabera, 2021eko udan «iaz baino turista eta bisitari gehiago» izan dira Goierri behean.
Datu zehatzagoetan sartu aurretik, Mikel Plazaola Goiturreko lehendakariak, aurtengo udak emandako datuen balorazio orokorra egin du. Nabarmendu du «uda oso-oso ona» izan dela. «Aurrez zeuden aurrikuspenak kontutan hartuta, gainetik geratu gara», beraz, balorazioa «positiboa» izan da.
Bisitarien eta alojamenduetan okupazioen kopuruek, biek, «gora» egin dutela gehitu du Plazaolak; «gorakada uste baino handiagoa izan da gainera!».
Azkenik, «eskerrak eman» dizkie Goierriko turismo agente desberdinei; «alojamenduei, jatetxeei, turismo bulegoei,… Goierrin turismoaren garapena bermatzeagatik».
Gainera prentsaurrekoa baliatu du gogorarazteko, «aurrerantzean ere turismoaren aldeko apustua egiten jarraituko» duela Goiturrek. Adibide gisara, urtea amaitu aurretik abiaraziko dituzten kanpainak jarri ditu; urtea amaitu bitarte egongo diren zubien kasu.
Kopuruak gora
Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak turismo datuetan sakondu du. «Goierriko turismo bulegoetatik -Ataun, Beasain, Idiazabal, Lizarrusti, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Zegama eta Zerain-, 12.006 pertsona pasa dira uztaila (5.315 pertsona) eta abuztuan (6.691 pertsona)». Iaz baino «%9 gehiago». Honakoak, esan bezala, turismo bulegoetan jasotako datuak dira; «kontutan izan behar da alojamenduetan eta Goiturreko webgunearen bidez ere aurkitzen dutela Goierriren inguruko informazioa». Horrekin esan nahi izan du, turista gehiago ere izan direla Goierrin, nahiz eta zenbakietan islatuta geratu ez. Erantsi du, ehuneko hori, «Gipuzkoak berak izan duen gorakada baino datu hobea» dela.
Turisten jatorriaren inguruan esan du, uztailean, lehen postuan, «euskaldunak» izan zirela, nahiz eta iazko kopurua baino zertxobait «gutxiago» izan den. Abuztuan berriz, «Kataluniako, Madrileko, eta Valentziakoak» turistak izan dira gehien.
Espainiar estatutik etorri diren turistei dagokienez Osinaldek argitu du, «inoiz baino gehiago» izan direla. «Melilla eta Ceutatik ez beste erkidego guztietako turistak etorri dira» eta horietako bakoitzetik etorri direnen kopuruak «gora» egin du iazkoaren aldean.
Atzerritik etorritako turisten kopurua, %4koa izan zen 2020 urtean, eta aurten %7koa izan da, beraz hiru puntu egin du gora. Turisten jatorriaren zerrendan lehen postuan daude frantziarrak, azpimarra eginez, Frantziatik etorritako turisten gorakadan. Jarraitzen diete, Portugaldik, Belgikatik, Alemaniatik eta Herberehetatik etorritakoek. Guztira, «23 herrialde desberdinetatik» etorri dira bisitariak Goierri behera.
Turistek Goierri behean igaro dituzten gau kopuruari buruz, Osinaldek esan du, «3-4 gau» igaro dituztela bataz beste, baina astebete eta hortik gora egin dutenak ere badaudela.
Landetxeak eta nekazalturismoak
Alojamenduei dagokienez, abuztuan «%90eko okupazioa» izan dute landetxe eta nekazalturismoetan». Deigarria da datu hori, batez ere 2019ko abuztuarekin alderatuz, pandemia aurrekoa izanik, %78 izan baitzen okupazioa mota horretako establezimenduetan.
Hotel eta pentsioen kasuan ere gorakada eman da, nahiz eta xumeagoa izan den; «2019ko abuztuan %90ekoa izan zen, aurten berriz, %92koa».
Guztira, «20.737 gaualdi» egin dira eta “abuztuaren 9tik aurrera, oso zaila izan da alojamendua bilatzea».
Datu horiek, sarrera ekonomiko «garrantzitsua» suposatu dutela ere esan du Goiturreko zuzendariak: «Uztaila eta abuztuko turisten gaualdiak eta gastuak zenbatuta 2.231.000 euro». Beraz, «Goierri eta Goierrin kontsumitu da».